Mattin Arluziagak garaipenarekin hasi du profesionaletan ibilbidea

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 9a, 00:00
Mattin Arluziagak ezin hobeto hasi du bere ibilbidea eta gaur ere jokatuko du.

15-6 eta 15-6 irabazi dute aurrelari hernaniarrak eta Zalduak, Loitegi eta Eskuderoren aurka.

Mattin Arluziaga hernaniarrak garaipenarekin debutatu zuen profesionaletan, ostegunean, Galarretan. Zaldua I.arekin batera Loitegi eta Eskudero 15-6 eta 15-6 gainditu zituzten Bigarren Mailako torneoan. Urrutiak (Arluziagak ordezkatu du) eta Zalduak lau puntu dituzte bi partidutan. Galtzaileek, berriz, bost puntu dituzte hiru partidutan. Gainera, gaur Arluziagak ordezkatuko du Urrutia eta Gurrutxaga eta Zubiriren aurka neurtuko dituzte indarrak. Beraz, gaur ere aukera izango da aurrelari hernaniarra Galarretan ikusteko.

Zalduaren nagusitasunak markatu zuen partidua atzean. Atzelari donostiarra Eskudero baino gehiago izan zen eta hortik aurrera Arluziagak tantoak bukatzeko eta debut bikaina izateko aukera izan zuen eta ederki aprobetxatu zuen.

Bi setak 15-6 amaitu ziren gorrien alde. Arluziaga oso seguru egon zen partidu osoan zehar, oso ondo defendatu zuen eta gainera pelota atzeratu zuen frontisean altuera bilatuz. Itxura oso ona eskaini zuen.

 

Hirukoteak bikotea gainditu zuen partidu eder batean

Aldabek, Ezkurra II.ak eta Martirenak 2-1 (15-12, 11-15 eta 6-8) irabazi zieten Ansa II.ari eta Barrenetxea IV.ari. Bost pelotariak bikain aritu ziren partidu parekatu eta zirraragarrian. Ezkurra II.a hirukotean nabarmendu zen. Doneztebekoa bikain aritu zen defendatzen eta jotzen. Aldabek ez zuen akatsik egiten, baina kosta egin zitzaion puntillero jokora egokitzea. Gero eta hobetu aritu zen. Martirenak azken boladan bezala jokatu zuen, ederki.

Lehenengo mailan Urriza eta Azpiroz 2-0 gailendu ziren Segurola eta Juanenearen aurka. Azken hauek kanporatuak izan dira eta gaur erabakiko da bigarren kanporatua, Ezkurra II-Larrañaga eta Urriza-Azpiroz bikoteen arteko lehian. Irabazlea finalerdietara pasako da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!