Alan Griffin irakasle eta musikari irlandarra hil da

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 5a, 14:40

Astigarragan bizi zen musikaria eta urtetan ingeleseko irakasle ere izan zen Hernani Hizkuntzak akademian.

Alan Griffin (Ennis, 1952) musikari eta ingeleseko irakasle irlandarra hil zen atzo 71 urterekin. Astigarragan bizi zen eta bailararekin erlazio estua izan zuen ingeleseko irakasle lanagatik, Hernani Hizkuntzak akademian, eta bere musika ibilbideagatik. Joxan Goikoetxea haren lagun eta kideak atzo jakinarazi zuenez sare sozialetan: «Ez adiorik, Alan Griffin. 1952.01.22 - 2023.12.05. Biotzean min dut, min etsia, zotiñik-gabeko negar-miña. Alatsu txoriak, udaondoz, negua du galazi-eziña».

Griffin 1984an iritsi zen Donostiara. Gaztelania ikastera eto­rri zen uda batean, eta «ez nin­tzen Irlandara bueltatu!», zioen Alanek.
Donostian, taberna batean ezagutu zuten elkar 1985ean Joe Linehanek eta Alan Griffinek, eta 1988an hasi ziren elkarrekin lanean, Hernani Hizkuntzak akademian. Erretiroa hartu zuen 2017an, eta horrekin, 30 urteko ibilbideari bukaera eman zion. 

Urte guzti horietan bere irakasle lana eta musikari lanak uztartzen zituen. Euskal musikara hurbildu eta maitatu zuen. Berehala lotu zitzaion euskal musikaren eszenari, eta, batik bat, folkaren edo kantagintzaren alorretan mugitzen ziren musikariekin hasi zen kolaborazioak egiten. Esaterako, Txomin Artolaren eta Amaia Zubiriaren Folk-Lore sorta izeneko disko bildumako hiru aleetan parte hartu zuen txirula eta txilibitua joz, 1991n eta 1992an. Gerora, Xabi San Sebastian, Juan Mari Beltran, Joxan Goikoetxea, Gorka Knörr eta Benito Lertxundiren lanetan ere parte hartu zuen.

Beste musikariekin lan egiteaz gain, Griffinek bere proiektuak ere jarri zituen martxan. Hala, 1994an, Alboka taldea sortu zuen Joxan Goikoetxearekin, Artolarekin eta Josean Martin-Zarkorekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!