Alan Griffin irakasle eta musikari irlandarra hil zen atzo

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 6a, 00:00

Astigarragan bizi zen musikaria eta urtetan ingeleseko irakasle ere izan zen Hernani Hizkuntzak akademian.

Alan Griffin (Ennis, 1952) musikari eta ingeleseko irakasle irlandarra hil zen atzo 71 urterekin. Astigarragan bizi zen eta bailararekin erlazio estua izan zuen ingeleseko irakasle lanagatik, Hernani Hizkuntzak akademian, eta bere musika ibilbideagatik. Joxan Goikoetxea haren lagun eta kideak atzo jakinarazi zuenez sare sozialetan: «Ez adiorik, Alan Griffin. 1952.01.22 - 2023.12.05. Biotzean min dut, min etsia, zotiñik-gabeko negar-miña. Alatsu txoriak, udaondoz, negua du galazi-eziña».

Griffin 1984an iritsi zen Donostiara. Gaztelania ikastera eto­rri zen uda batean, eta «ez nin­tzen Irlandara bueltatu!», zioen Alanek.
Donostian, taberna batean ezagutu zuten elkar 1985ean Joe Linehanek eta Alan Griffinek, eta 1988an hasi ziren elkarrekin lanean, Hernani Hizkuntzak akademian. Erretiroa hartu zuen 2017an, eta horrekin, 30 urteko ibilbideari bukaera eman zion. 

Urte guzti horietan bere irakasle lana eta musikari lanak uztartzen zituen. Euskal musikara hurbildu eta maitatu zuen. Berehala lotu zitzaion euskal musikaren eszenari, eta, batik bat, folkaren edo kantagintzaren alorretan mugitzen ziren musikariekin hasi zen kolaborazioak egiten. Esaterako, Txomin Artolaren eta Amaia Zubiriaren Folk-Lore sorta izeneko disko bildumako hiru aleetan parte hartu zuen txirula eta txilibitua joz, 1991n eta 1992an. Gerora, Xabi San Sebastian, Juan Mari Beltran, Joxan Goikoetxea, Gorka Knörr eta Benito Lertxundiren lanetan ere parte hartu zuen.

Beste musikariekin lan egiteaz gain, Griffinek bere proiektuak ere jarri zituen martxan. Hala, 1994an, Alboka taldea sortu zuen Joxan Goikoetxearekin, Artolarekin eta Josean Martin-Zarkorekin batera. Dantza musika molde akustiko eta instrumentalean emateko, eta Euskal Herriko kantutegiko doinu ezezagunak aurkezteko asmoa zuten. Urte hartan bertan kaleratu zuen taldeak bere lehenengo diskoa, Alboka, eta, Euskal Herrian ez ezik, nazioarteko folk zirkuituetan ere izan zuen oihartzuna.  

Bi beso lur (1998) diskoa grabatu zutenerako, Artolak utzia zuen taldea, eta Juan Arriola biolinista sartua zen proiektuan. Orduz geroztik, hark kantatuko zuen Albokaren diskoetan. Lorius (2001) diskoa Madrilgo Resistencia diskoetxeak kaleratu zuen, eta hiru urte geroago iritsiko zen Lau anaiak. Azken lan horretan, besteak beste, Benito Lertxundik parte hartu zuen. Disko hori, hain zuzen ere, mundu mailako folk disko onenan artean aukeratu zuen Folkworld Alemaniako aldizkariak.

 

'Lurra, ur, haize', 2017an

Albokak ez zuen agurrik esan, baina taldekideak beste proiektu batzuk lantzen hasi ziren, eta hamahiru urte pasatu behar izan ziren berriro elkartu eta disko berri bat grabatzeko: Lurra, ur, haize (2017). Lan hori Griffinek eta Goikoetxeak sortu zuten, baina kolaboratzaile ugari izan zituzten: Juanjo Otxandorena, Xabi San Sebastian, Amets Arzallus, Alex Sardui, Petti, Eñaut Elorrieta, Iosune Marin, Mikel Urdangarin, Peter Maund....

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!