Neguleku irekiak antolatu ditu Gabonetan igeriketa taldeak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 5a, 00:00

Jolasetik eta entrenamendutik abiatuta, igeriketaren alderdi desberdinak landuko dituzte, zortzi egunez, abenduaren 26an hasita.

Hernani Kirol Elkarteko igeriketa sailak, Negulekuak antolatu ditu urte bukaerarako lehenengo aldiz, proiektu berriak abian jartzeko intentzioak martxan jarriz. Hernaniko gazteei Gabonetako 8 egun «libreak» betetzeko aukera eskainiko dute, aniztasunean, ikaskuntzan eta kirola sustatuz... 

Jolasetik eta entrenamendutik abiatuta, igeriketaren alderdi desberdinak landuko dituzte, uretan dituzten trebetasunak hobetuz eta gozatuz, krol, tximeleta, bizkar, bular eta estilo desberdinak ikasiz ere. Bestalde, biraketa, jauzi eta irteeren erreflexuen teknikak hobetuko dituzte, besteak beste, jarduerarako berariazko jolasez betetako giro lasai eta dibertigarrian bilduta.

Abenduaren 26an asteartean hasiko dira Negulekuak eta  27an, 28an, 29an eta urtarrilaren 2an, 3an, 4an eta 5ean jarraituko dute. Hernaniko Kiroldegiko igerilekuan goizeko 10:30etatik 12:00etara izango dira igeritako Negulekuak. 

 

Abenduaren 18a da aurre-inskripziorako azken eguna

Era berean, dibertsitate funtzionala duen edozein igerilarik partehartzeko aukera izango du. «Hernani Igeriketa Klubean gure herritarrak erabat barneratzeko tresna guztiak baititugu».

Kontuan hartu beharreko ezinbesteko baldintza bakarra,  nahitaez igerian jakitea da. Informazio guztia igeriketahernani@gmail.com helbide elektronikoan eska daiteke.

 

Igerilari hernaniarrek garaipen eta emaitza bikainak

Asteburuan txapelketa jokatu zen Hernaniko igerilekuan eta beraien marka onenak egin zituzten hernaniar gehienek. Bestetik, Enaitz Goñik eta Olatz Altunak Euskal Herriko Kluben arteko txapelketa irabazi zuten Bidasoa taldearekin. Goñik bere markarik onenak egin zituen 400, 800, 1.500 libre eta 400 estiloetan, 400 librean 3:59.38rekin. Azkenik, Iñigo Llopisek Rotterdamen berak zuen Espainiako errekorra hobetu zuen 50 bizkarren (31:06) S8 mailan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!