Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, IV. Sagardo Forum Nazioarteko Sagardo Lehiaketako sari banaketa izan zen larunbatean, Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian. Nazioarteko dastatzaile ospetsuek 9 kategoriatan sailkatutako 262 sargado dastatu zituzten, eta 202 domina banatu ziren guztira: 59 urrezko, 67 zilarrezko eta 66 brontzezko.
Eta sagardo naturalaren kategorian, Urumea bailaran geratu zen sari nagusia: Zapiain sagardotegiak irabazi zuen, Zapiain Euskal Sagardoa Premiun 2022 sagardoarekin. Gainera, kategoria berean, urrezko bi domina eskuratu zituen, eta Alorreneak zilarrezko hiru.
Guztira 19 herrialdetako sagardoak aurkeztu ziren, bi urtean behin egiten den lehiaketara. Honakoak izan ziren beste kategorietako irabazleak: garraztasunarenean, Weidmann & Groh (Alemania); mikaztasunarenean, Tencai (Chile); premium sagardo apardunean, Gaec de L'Aubinière (Frantzia); udardoetan, Seppelbauer (Austria); zaporetakoetan, Pomologik (Suedia); berrietan, Valle, Valina y Fernandez (Asturias); postrerako sagardoetan, Restauracja Tabun Agata Falkiewicz-Ponikowska (Polonia); eta kategoria irekian, Pomologik.
Kategoria bakoitzeko sari eta dominez gain, lehiaketako sagardo berezienari 'Best of Show' saria eman zioten, eta Suediako Pormologik ekoizleak eskuratu zuen hori ere, Replicant Pinor Noir sagardoarekin.