Liderraren aurka jokatuko dute Euskal Ligako neskek

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 2a, 00:00

Pauldarrak taldea jasoko dute Zubipen, gaur, 16:00etan. Mundarrok ordu berean jokatuko du Zarkumendegin.

Erronka zailari egin beharko diote aurre Hernaniko Euskal Ligako neskek. Pauldarrak liderra jasoko dute Zubipen, gaur, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Añorgaren zelaian jasotako porrotari buelta eman zion Hernanik aurreko asteburuan, eta bolada onean sartzea da jokalarien intentzioa.

Pauldarrakek, ordea, ez du gehiegitan barkatzen. Jokatutako 12 partiduetan 10 garaipen, berdinketa bat eta porrot bat jaso ditu. Nagusitasunez irabazi ditu partidu ugari, eta oso aukera gutxi oparitzen dizkie aurkariei.

Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak bihar jokatuko du, Deban, Amaikak Bat taldearen kontra. Dinamika guztiz ezberdinean iritsiko dira bi taldeak partidura. Bosgarren garaipena kateatzea izango da Hernaniren helburua, joko eta emaitza onen sortari jarraipena emateko. Amaikak Batek, aldiz, bost jardunaldi daramatza irabazi gabe.

Puntuak etxean mantentzen ahaleginduko da Mundarro

Gaur arratsaldean Zarkumendegira itzuliko da Mundarroren lehenengo taldea. Hiru partidu daramatza Mundarrok garaipenik lortu gabe, eta Allerruren aurka jokatuko du gaur. Lezoko taldeari kosta egiten zaio garaipenak jarraian lortzea, baina etxean irabaztetik dator.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!