Ekintza ugari izango dira bailaran euskararen egunak ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 2a, 00:00
Doberak Milagrosan bingo musikatua antolatu du astelehenean.

Bertso bazkaria, bingo musikatua, bakarrizketak, hitzaldiak... Abenduaren 11ra arte egongo dira euskara praktikatu eta euskaraz gozatzeko era guztietako ekintzak: Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan

Hernani izan da euskararen egunetan murgildu den lehen herria. Asteazken honetan izan da lehen ekitaldia; mintzodromoa, eta abenduaren 5era arte, makina bat ekitaldi egongo dira aukeran bertan.

Bertso bazkaria antolatu du gaurko Burrunbak. Nerea Elustondo eta Aitor Mendiluze izango dira entzungai Elur Txori elkartean, eguerdiko 14:00etan, eta Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduraren 3an, kantu bazkaria eta bakarrizketak izango dira. Goiz Eguzkik betiko euskal kantuen letrak banatuko ditu bazkarian zein bazkalostean kantatzeko, menua 22 eurokoa da eta izena ematen duten lehen 80 pertsonek hartuko dute parte. Bakarrizketei dagokienez, berriz, Gorka Olazabal eta Telmo Iruretak eskainitakoak izango dira, arratsaldeko 19:00etan Guria tabernan eta sarrera doakoa izango da. 

Hernanirekin jarraituz, datorren astelehenean, euskal kantuekin osatutako bingo musikatua antolatu du Doberak Milagrosan, arratsaldeko 19:00etan. Adin guztientzako sari interesgarriak egongo dira herriko komertzio ezberdinen eskutik eta txartel bakoitzak euro bateko kostua izango du. 

Azkenik, asteartean, hitzaldia eskainiko du UEMA mankomunitateko Irati Odriozolak Biterin: Nola eragin gure seme alaben hizkuntzen ohituretan?. Arratsaldeko 17:30ean izango da, sarrera doakoa da eta zaintza zerbitzua eskainiko da hitzaldiak iraun bitartean, baina aurrez izena eman beharko da dobera@dobera.eus  helbidean. 

 

Astigarraga eta Goizueta ere euskararen egunekin bat

Astigarragan atzo izan ziren lehen ekitaldiak, Udaleko Euskara Sailaren eta Astigarragako Herri Eskolaren eskutik. Bihar Xaguxarren txanda izango da: 11:00tatik 11:30etara Bingo musikatua antolatu dute Foruen Plazan eta 11:30etatik 13:00etara bitartean, haur eta gazteei zuzendutako euskararen murala egingo da.

Gurasoei zuzendutako hitzaldiak ere badaue aukeran, abenduaren 4an eta 11n. Helburua, Hernanin eskainitako hitzaldian bezalaxe, seme alaben hizkuntza ohituretan eragitea izango da; lehena euskaraz eskiania izango da eta bigarrena gaztelaniaz.

Goizuetan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen laguntzeko, Mikel Martinez eta Patxo Telleriaren bakarrizketak eskainiko dira: «Txizatoki bat eszenatokian» eta «Hamalau», hurrenez hurren. Ganbaran izango dira, arratsaldeko 18:00etan.

 

Adierazpen Instituzionala

Hernaniko eta Astigarragako Udalak Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala onartu dute urriko Osoko Bilkuran, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren aurkako botoekin: «Euskaldunak gara, euskaraz gara eta hori da gure herrien nortasunaren ezaugarri esanguratsuenetakoa: udalerri euskaldunak gara». Adierazpenean ezagutzaren eta euskaldunen gorakada azpimarratzen da, bidean hizkuntzari zailtasun eta oztopo ugari jarri zaizkion arren: «Epaitegietatik heldu den oldarraldiak marra gorriak gainditu ditu».

Argi dute zein diren beren eginbeharrak: «Erakundeei eredu izatea dagokigu. Herritarren eredu. Ahalegin eta konpromiso handiari esker, larrekoa nahi zuten hizkuntza noranahikoa izatea lortu du herri honek, eta ezin dugu zabaldutako bidean atzera egin». 

Bi konpromiso ezagutarazi nahi izan dituzte: batetik, euskararen biziberritzean eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan eredu eta bide-urratzaile izateko konpromisoa. Eta, bestetik, euskarak ezinbestekoa duen lege-babesa lortzeko lanean gainerako erakundeen eta eragileen bidelagun izateko konpromisoa: «Izan gaitezen eredu. Lehenetsi etorkizuna. Erakutsi eguzkia ainubean denari. Eman diezaiegun euskara eta bidea herritarrei».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!