Ohi bezala 0-16 urte artekoentzako jostailuak eta jokoak, musika, DVD filmak, APP-ak, aldizkariak, liburuak, gurasoentzako materiala eta komikiak, denetarik aurkituko duzue, Hego Euskal Herriko ehunetik gora udal eta mankomunitateak, tartean Buruntzaldeako udaletako euskara zerbitzuak lankidetzan jartzen dituen egitasmo honen paperezko edizioan. 64.000 ale banatuko dira aurten Hego Euskal Herri osoan; besteak beste eskualde honetan, Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan eta Usurbilen.
Urtean behin kaleratzen duten paperezko euskarri honez gain, gogoan izan, noiznahi kontsulta dezakezue eskaintza osoa katalogoa.eus atarian eta berrikuntza hauen jarraipena ere egin dezakezue, aipatu webgunean buletin elektronikora doan harpidetzea erabakitzen baduzue. Ikusi soilik ez, produktuok erosteko zubilana egiten dute webgune horren eta argitaletxeen artean. Paperezko euskarrian bezala, edizio elektronikoan ere 0-12 eta 12-16 urte artekoei zuzenduriko eskaintza berezitua dute. Aurtengoan, «biek ere itxura berriak estreinatu dituzte», azaldu dute sustatzaileek.
Atal bakoitzak bere direktorioa du
Batean zein bestean, «atal bakoitzak bere direktorioa du eta, hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen, adin-tartearen edota prezioaren arabera bistara daitezkeelako. Azkenean, erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta».
Nabarmen hazi da bisita kopurua
Maiz eguneratzen dute euskarazko produktuon ataria, «argitaratzen diren produktu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz eta, finean, katalogoa.eus bizi-bizirik dago». Nabarmentzekoa da, iaztik hona webguneak izan duen bisita kopuruaren hazkuntza. Iaz 334 erabiltzaile sartu ziren bertan, 5.372 ikustaldi zenbatu zitutzte, gehienak, ia mila, liburuen atalean. Aurten, izugarri hazi da bisitaldi kopurua. Sustatzaileek helarazitako datuen arabera, 3.146 erabiltzaile eta 40.793 ikustaldi izan ditu katalogoa.eus atariak. Kasu honetan, berdinketa eman da bisitatuenak diren bi atalen artean; liburuenean, 6.801 bisita zenbatu dituzte, 6.665 jostailu eta jokoen atalean.
Aipatzekoa baita, haur eta gazteei zuzenduriko eskaintzetan orohar izan den ikustaldi eta erabiltzaile kopuruaren hazkuntza. Gaztetxoenen artean, iaz 203 erabiltzaile eta 395 ikustaldi erregistratu zituzten. Amaitzeke dagoen urte honetan, 2.275 erabiltzaile eta 4.209 ikustaldi. Gazteenen kasuan, 918 erabiltzaileeta 1.842 ikustaldi zenbatu dituzte.
Lerrootan adierazi bezala, sarean eskaintza osoa kontsultatu ahalko duzue, haren lagin bat 25 urte bete dituen paperezko edizioan. Horretarako, noski, ezinbestekoa da aldez aurretik aukeraketa lan bat egitea, nahi bai baina ezin bilduma osoan eskuorrian sartu. Zereginotan aritzen dihardu Andoni Imazek. «Badok atarian argitaratzen diren diskoak sartzen saiatzen naiz, mota askotakoak», adierazi digu. Ez da zeregin erraza izaten. «Zailagoa izaten da niretzat haurrentzako musikara iristea zuzenean, horiek gertuen ditudan zirkuitietatik kanpo egoten direlako, nolabait esateko. Orain lana pilatzen da arlo guztietan, argitalpen kopurua asko hazten delako Durangoko Azokarako», gaineratu du Imazek. Halere, azoka, informazio iturri ezin emankorragoa dela dio. «Edozein datu biltzeko, azoka bera ere oso toki aproposa izaten da, urteko berritasunak modu antolatu eta sistematizatu batean lortzeko aukera apurretako bat, argitaletxeen jardunetik kanpo ere iristen den argazki osatu antzeko bat», azaldu digu.
Horrekin batera, euskal musikaren atari den badok.eus webguneak ere «baditu argazkia etengabe osatzen aritzeko sareak».
Kalitatea lehentasun
Liburuen atalean, bestalde, hautaketa lanetan dihardu Migelanjel Asiain «Osio»-k. Lehen urteetan argitaratzen zen edukian «bazen nolabaiteko desoreka« eta zeregin hau «pertsona neutroago» batek egitea egokiagotzat jo zutela azaldu digu. Zeregin honetan dabilenetik, urtean zehar plazaratzen diren sorkuntza lanen jarraipena egiten du, gero hautaketa bideratu ahal izateko. Ardura hau egoki betetzeko, irakurle amorratua izatea ezinbestekoa ote den galdetuta, ezetz esan digu; derrigorrezkoa ez, baina «lagungarria bai» izan badela.
Argi dio, plazaraturiko literatura lanen «kalitatea» da zeregin horretan lehenesten duen irizpidea. Horren ostean, sorkuntza egitasmo hauek «Euskal Herrian argitaratuak izatea. Gero, argitaletxeen arteko oreka bermatzen saiatzen naiz». Horrez gain, kontuan izan; 0-12 eta 12-16 urte artekoentzako eskaintza bereizten du Katalogoak. Horregatik ere, «ikusi behar da urte bakoitzeko ekoizpen hori nola banatu den adin tarte ezberdinen arabera».
Erabaki beharra
Hautaketa lan batek ezinbestean dakar, noski, nahi bai baina paperezko euskarrian dena sartu ezina. «Kasu gutxitan gertatu zait liburu bat edo beste kanpoan utzi beharra. Esaterako, hogei argitalpen izan eta hamabi hautatu beharra derrigorrez. Amorrua ematen du zortzi lan alboratu beharra liburu onak direla eta Katalogoan egotea merezia dutela uste izan arren. Baina lan honek bere baitan darama hori», azaldu digu Osiok.
Diskoei dagokionez, «Badok atarian argitaratzen direnak sartzen saiatzen gara»
Hutsunea gazteei zuzenduriko eskaintzan
25 urte bete ditu asteotan eskuratzeko aukera izango duzuen Katalogoak. Mende laurdena igarota, «bere funtzioa oso ongi betetzen du, zabalpen handia du» nabarmendu du Osiok eta katalogoa.eus atarian eskaintza osoa aurkitu ahalko dugun arren, gaineratu digunez, «agian momentuz online bidez ailegatzen ez den tokietara iristen da paperezko edizioa». Horregatik dio, bata zein bestea «elkarren osagarriak dira«. Edizio elektronikoa hain zuzen, «oso baliagarria dela» dio. «Aukera aunitz ematen ditu; adinaren edo egilearen araberako bilaketak egiteko esaterako. Paperekoak bete ezin duen hutsunea osatzen du».
Bi hamarkada pasatxoko hautaketa lanak ahalbidetu dio Migelanjel Asiain Osiori «ikuspegi orokor bat izateko». Zer nolako bilakaera izan duen galdetuta, «Euskal Herriko sorkuntza bataz beste ongi dago, baina ez gaude dena ongi dagoela esateko moduan», aipatu digunez.
Ibilbide luzeko egileak nabarmendu ditu, haiek sortutako kalitatezko lanak, haienarekin batera belaunaldi berrien sortze lanen balioa, bai idazle zein ilustratzaileena. Baina Osiok kezka bat ere partekatu nahi izan du lerroon bidez. «Gazteen sailean, haurrenean baino sorkuntza lan gutxiago dago».
Auzolanari segida emateko deiaHalere, mende laurdena igarota, beste hainbeste urteko ibilbidea izateko motibaziorik ez dela falta dio Osiok. Katalogoa, bere esanetan, «osasuntsu dago eta oraindik ere beharrezkoa izaten segitzen du. Presentzia fisikoa garrantzitsua da ikusi eta baita erreferentzia bat izateko ere». Horren garrantzia are gehiago nabarmenduko lukeen proposamen bat ere egin digu. «Ongi legoke norbaitek orain arte kaleraturiko katalogo guztiak hartu eta horien jarraipena egitea. Hor ikusiko genuke urte hauetan zer nolako garapena izan duen» bai paperezko euskarriak berak baita argitalpen honetan agertu diren sorkuntza lanek, haien egileek edota argitaletxeek ere. Zer nolako lankidetza izan den ere agerian utziko luke behaketa lan honek Asiainen esanetan. «Hasieran askoz gehiago kostatzen zen, baina poliki-poliki garatu izan da eta eskertzekoa eta ezinbestekoa izan da, behar bezalako lana egiteko». Berarentzat urteotako esperientzia opari gisa definitzen du. «Haur eta gazteen literatura mundu ikaragarria da. Gela batean sartu, bertan hamaika ate daudela ikusi eta ate bakoitzak beste toki batera eramaten zaitu, oso aberatsa da», eta aberasgarritzat jo du baita ere alor honetan dihardutenekin harremandu ahal izatea. Ildo horretan, mende laurden honen zutabe nagusietako bat izan den auzolanari segida emateko deia egin du lerroon bidez. «Euskal Herriaren eta haur eta gazte literaturaren indargune handienetako bat da elkarlana. Segi dezagun lan hori zaintzen eta zuzentzen». Katalogoak ere orain arteko nortasunari eustea nahiko luke. «Erreferentziazko erakusleihoa izan eta eskuragarri izatea» nahi luke beste 25 urtez. |