Urumea bailarako eta Euskal Herriko erakunde eta eragile ugarik egin dute bat biharko Greba Feminista Orokorrarekin. Mobilizazio ugari egingo dira Hernanin, eta egun osoko egitaraua prestatu du Koordinadora Feministak. Goizean mobilizazio musikatua izango da ekintza nagusia; Sandiusterritik abiatuko dira eguerdiko 12:00etan. Arratsaldean, berriz, eskualdeko manifestazioak hartuko du herria.
Itaia antolakundeak ere manifestazioak antolatu ditu Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiakoa eguerdiko 13:00etan aterako da Boulevardetik, 'Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat!' lelopean.
Pentsiodunak ere «zaintza eta pentsio duinen alde»
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere bat egin du deialdiarekin: «Denon bizitzan zehar zaintza beharrezkoa da, baina adinean gora goazen neurrian eta pertsona bakoitzaren egoera fisiko eta mentalaren arabera, zainketa beharrak areagotu egiten dira».
Pentsiodunek zaintza eredu berri baten beharra aldarrikatu dute: «Exijitzen dugu zaintzaren arazoa ez mozorrotzea ekarpenik egiten ez duten jardunaldiekin. Beste eredu bat nahi dugu, herritarren beharrizanak aseko dituena».
Hernaniko Udaleko zerbitzuak, bertan behera
Hernaniko Udaleko langileek biharko greba deialdiarekin bat egin dutenez, udaletxea itxita egongo da bihar, eta bertan behera geratu dira gainontzeko zerbitzuak. Udaletxeaz gain, Herritarrentzako Harrera Zerbitzua, liburutegia, kiroldegia, Biteri, Kulturarteko Plaza Feminista, Udal Euskaltegia eta Musika Eskola ere itxita egongo dira.
Hondakinen bilketan ere aldaketak eragingo ditu biharko grebak, Garbitaniako langileek ere bat egin dute deialdiarekin, eta gaur gauean (azaroaren 29tik 30erako gaua) ez dute hondakin organikoaren bilketarik egingo. Azaroaren 30eko gauean normaltasunez egingo dute ontzi arinen bilketa.
Soldatei dagokienez, Hernaniko Gobernu Taldeak erabaki du greba egunean ordaindu beharko ez dituen soldaten kopurua zaintza proiektuetara bideratzea. Zaintza Mahaian adostuko dute zein ekimen edo ekintzetara bideratuko duten dirua. Hernaniko Udaletik adierazi dute badela «egiteko beste modu bat», eta nabarmendu dute «horretan sakontzen» jarraituko dutela.