Ur Mia eta Elur Txori asteburuko finalera sailkatu dira taldekako Gipuzkoako Bola Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 28a, 00:00

Elur Txoriko taldea finalera sailkatu da.

Zarautz 1 eta Ategorrietaren aurka berdinduta amaitu zuten eta desenpatean lortu zuten garaipena. Larunbatean jokatuko da finala Seguran, Gabiri 3, Elur Txori, Ur Mia eta Txoritokieta taldeen artean.

Ur Mia eta Elur Txori taldeak Gipuzkoako Bola Txapelketako finalera sailkatu dira, asteburuan euren finalerdiak irabazi eta gero. Lasarten jokatu ziren finalerdiak, eta ereñotzuarrek eta hernaniarrek asko sufritu zuten finalera sailkatzeko. Berdinduta amaitu zituzten tiraldiak, eta desenpatean lortu zuten garaipena biek. 

Ur Miak Zarautz 1 taldea gainditu zuen, 8nako berdinketaren ondoren. Desenpatean lau bolariren txanda iritsi zen eta ereñotzuarrek 60-53 irabazi zuten. Elur Txori eta Ategorrietaren artekoak amaiera berbera izan zuen. 8na amaitu eta gero, 57-48 nagusitu ziren hernaniarrak. Ur Miako taldea Aner Miner, Mikel Arroio, Joxe Mari Etxebeste, Ibon Miner eta Iñaki Minerrek osatzen dute. Elur Txoriko taldean berriz jokatzen Benito Loitegi, Fernando Gallego, Fermin Zuloaga, Rosa Santos eta Patxi Lorea ari dira.


Finala larunbatean, 10:00etan Seguran

Finala lau talderen artean izaten da. Beste multzotik Gabiri 3 eta Txoritegik lortu dute sailkapena eta Seguran elkartuko dira lau taldeak, larunbatean goizeko 10:00etan hasiko den finalean. Bolari bakoitzak 8 bola botako ditu, probarik gabe. Taldeen artean berdinketa gertatuko balitz, hori hausteko taldeko partaide guztiek launa bola botako dituzte. Tiraldia hasi aurretik taldeen ordena zehazteko zozketa egingo da. Gipuzkoako txapeldunak trofeoa eta 160 euro eskuratuko ditu. Azpitxapeldunak 120 euroko saria izango du, 80 euro hirugarrenak eta 40 euro laugarrenak. Bertako produktuen lotetxoak izango dira partehartzaile guztientzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!