Garaipenak izan dituzte asteburuan, bailarako talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 28a, 00:00
Ander Aldaregia Hernaniko jokalaria, larunbateko partiduan.

Euskal Ligako neskek garaipena lortu zuten Ugaoren aurka (1-0); Ohorezko Erregional mailako mutilek 2-1 Elgoibarren aurka; eta Mundarrok, 0-1 Ostadarren aurka.

Joan den asteburuan, Hernaniko bi futbol talde nagusiek etxean jokatu zuten; eta Mundarrok berriz, kanpoan. Ohorezko Erregional mailako mutilek, Elgoibar hartu zuten Zubipen eta berdeek bolada onari jarraipena eman zioten, 2-1 irabazita. 32garren minutuan Elizaldek sartu zuen partiduko aurreneko gola, eta bigarrena, 67garren minutuan izan zen, Oyarbideren eskutik. Hernaniko mutil nagusiak bosgarren postuan doaz sailkapen orokorrean, 24 punturekin. 

Euskal Ligako neskek, jokatu zuten mutilen partidua amaitu eta segidan. Ugao talde bizkaitarra izan zuten aurkari, Eta Hernaniko neskek aurreko partiduko porrotak utzitako zapore txarra kentzea lortu zuten; izan ere 1-0eko garaipena lortu zuten. Une honetan, neska berdeak, bosgarren postuan doaz, 23 punturekin.

Mundarrok, etxetik kanpo jokatu zuen, Ligako aurkari gogorrenetako baten aurka: Ostadar. Hala ere, Astigarragako moreek dena eman zuten eta Ostadar 0-1 garaituta, hiru puntu gehiagorekin itzuli ziren etxera. Seigarren postuan doaz une honetan astigartarrak, 16 punturekin.


Papelera Zikuñaga txapelketako asteko puntua, neska infantilentzat

Papelera Zikuñaga txapelketan, neska infantilentzat izan da aurreko asteko puntua. Izan ere, Aritzek, Sylviak eta Olatzek gidatzen duten taldea denboraldi hasiera bikaina gauzatzen ari dela aitortu du C.D Hernanik. Txapeldunen fasera sailkatu eta bertan ere gogor borrokatzen ari dira hernaniarrak jokatutako 3 partidetatik 2 irabaziz. Asteburu honetan ere Aiztondoren aurka garaipena eskuratu zuten Aneren golari esker.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!