Azaroaren 30ean kaleak betetzeko hamaika arrazoi elkarbanatu zituzten, atzo

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 26a, 00:00

Jendetsua izan zen atzo Kulturarteko Plaza Feministan egin zen mahai-ingurua.

Datorren osteguneko greba feminista orokorraren harira, atzo mahai-ingurua egin zuten Kulturarteko Plaza Feministan. Era berean, atzo indarkeria matxistaren aurka mobilizatu ziren Urumea bailaran.

Ate joka dugu azaroaren 30a: dena gelditzeko, kaleak betetzeko, eta zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko eguna. Izan ere, datorren ostegunean, greba feminista orokorra egiteko deialdia luzatu zuen Euskal Herriko mugimendu feministak, eta Urumea bailarak bat egingo du. Egungo zaintza sistemaren eredua eraldatzeko mobilizatuko dira herritarrak, zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko jomugarekin, «pribatizaziorik gabekoa, duina eta emantzipatzailea», hain zuzen. 

Datorren osteguneko greba feminista orokorra dela eta, atzo, mahai-inguru baten bueltan bildu ziren zenbait herritar Kulturarteko Plaza Feministan; haien testigantzak ezagutzeko aukera emanez, zaintza hizpide izanik, eta grebaren aldarrikapenek eguneroko bitzietan nola eragiten duten jabetzeko asmoz. Ondorengoak izan ziren mahai-inguruan parte hartu zuten hernaniarrak: Txemi, unibertsitateko irakaslea izandakoa, orain jubilatua eta azken denboran amaren zaintza lanetan aritua, besteak beste; Bere, hernaniarra, jatorriz Dominikar Errepublikakoa, eta etxeetan zaintza lanetan aritua. Egun AMHEReko emakumeen sarean hartzen du parte eta etxeko langileen eskubideak ezagutzeko eta zabaltzeko elkartzen dira aldian behin, abokatu batekin; Inhar, LABeko Ipar Hegoako langilea eta hiru haurren aita; Ione, besteak beste urte luzez zaharren egoitzan lanean aritua, eta orain erretiratua dago; eta Nora, besteak beste, ama banatua, institutuko irakaslea eta mugimendu feministako kidea. 

Mahai-inguruko parte hartzaileek haien bibentziak partekatu zituzten, eta datorren ostegunean kalera ateratzeko hamaika arrazoi eman zituzten. 

 
Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna gogoan izan zuten, atzo

Atzo, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko eguna zen, eta Urumea bailaran gogoan izan zuten egun hori; izan ere, zenbait ekintza eta mobilizazio antolatu zituzten Astigarragan, Hernanin eta Goizuetan. 

Hernaniren kasuan, Kulturarteko Plaza Feministan burutu zuten mahai-ingurua amaitu ostean, mobilizazio bat osatu zuten herrian barrena, Tilosetan amaituz. Astigarragan, ostiralean, elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean eta atzo manifestazioa  egin zuten Erriberatik abiatuta Emakumeon Plazaraino.

Goizuetarrek balkoiak eta leihoak morez apaindu zituzten, eta herriko dantzariek dantza aldarrikatzailea eskaini zuten, eskolako frontoian.

 

Kale buelta egin ostean, Tilsoetan amaitu zuten mobilizazioa hernaniarrek, atzo.
 
 
 
Herritar ugari bertaratu ziren atzo, Astigarragako mobilizaziora.
 
 
 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!