Adingabeen sexu indarkeria kasuetan jarri dute azpimarra Udalek, ahobatez adostutako adierazpenean

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 25a, 00:00

Koordinadora Feministaren deialdiarekin bat egin du Hernaniko Udalak.

Azaroaren 25a dela eta, adierazpen bateratua argitaratu dute Hernaniko eta Astigarragako Udaleko ordezkariek. Adingabeetan jarri dute arreta idatzian, eta zenbait konpromiso hartu dituzte.

Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Eguna dela eta, alderdi guztiekin aho batez adostutako adierazpena argitaratu dute Hernaniko eta Astigarragako Udalek. Testuan adingabeen sexu indarkeria kasuei arreta berezia eskaini diete, indarkeria mota hori «ikusezinena eta normalizatuena» dela iritzita: «Sexu delituen biktimen %40 adingabeak dira, gehienak neskak eta nerabeak. Adingabeen sexu askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin du».  

Datuez gain, arazoaren zergatian ere jarri dute azpimarra Hernaniko eta Astigarragako Udalek: «Mugimendu Feministak eta adituek horien arrazoiak genero ikuspegidun kalitatezko sexu hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola inguruneetan gizarte balio egokiak transmititu ez izana direla adierazten dute». Horrez gain, arduraz adierazi dute adingabeen artean «genero mito eta estereotipoak hedatzen» ari direla, «baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu hastapen goiztiarrari buruzkoak ere».

Hori dela eta, gizonek eta emakumeek harreman afektibo sexualetan duten rolaren «irudi desitxuratua» zabaldu dela diote: «Sexu indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere».

Konpromisoak hartu dituzte

Udalerrian berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko asmoz, zortzi konpromiso hartu dituzte; horien artean indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategian txertatzea adingabeen artean sexu indarkeriari aurre egiteko egiturak, arreta goiztiarra eta sexu indarkerien antzematea hobetzea eta biktimekin esku hartzen duten profesionalen prestakuntza programak diseinatzea eta ezartzea. 

Adierazpena amaitzeko, herritarrei mobilizatzeko deia egin diete bi udaletxeetako ordezkariek, protesta ekintzetan parte hartu dezaten. Hernaniko Udalak bat egin du Koordinadora Feministak deitutako mobilizazioarekin, 12:30etan aterako da KPFtik. Astigarragako manifestazioa, berriz, ordu berean abiatuko da Erriberatik Emakumeon plazara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!