Durangoko Azoka anitza, gaztea eta fantasiaz beterikoa izango da!

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 25a, 00:00
Durangoko Azokaren edizio berri bat aurkeztu zuten pasa den asteazkenean.

Durangoko Azoka euskal kulturaren topagune garrantzitsuena da eta amets egiteko espazio bizia ere bai. Aurtengoan ere horrela izango da, abenduaren 6tik 10era bitartean. 265 ekitaldi egongo dira aukeran, eta 950 nobedade eskura.

«Durangoko Azoka fantasia hutsa da, sormenaren eztanda magikoa delako, euskal kulturaren jai ikaragarria delako eta amets egiteko espazio bizia delako». Beñat Gaztelurrutia Gerediagaren koordinatzaileak ilusioz hitz egin zuen pasa den asteazkeneko aurkezpenean, eta euskal kulturaren alde elkarlanean aritzeko prest daudela adierazi du. «Euskerak eta euskal kulturak gizartearen babesa behar dute, azken boladan euskalgintzak ohartarazi bezala. Bultzada emateko norabidean lan egin dezagun denok, gure fantasia gau bateko amets zaputza izan ez dadin».

Aurtengo Durangoko Azoka mamitsua izango da, aktuala, bogan dauden joerak jasoko dituena. Guztira, 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. “Egitarauaren ezaugarri bi nabarmenduko nituzke: anitza eta gaztea”, azaldu du Gaztelurrutiak. Anitza, askotariko estilo eta gaiak topatu ahal izango direlako. Eta aurtengo azoka gaztea izango da, inoiz baino jarduera gehiago izango direlako gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak. Hain zuzen ere, haiei eskainiko zaie abenduaren 8ko eguna, Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin. 

Landako barruan, liburu, disko eta abarren eskaintza aberatsa izango da eskura, 257 erakusmahaitan banatuta, 170 partaide izango dira. Horietatik zenbait autoekoizleen stand berezian. Aurtengo uztari dagokionez, 950 nobedade erakutsiko dira: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. Esanguratsua da musika produktuen hazkundea, iaz baino 38 ale gehiago izango direlako. Nobedadeen harira, aipagarria da komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra. Berrikuntza lez, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez.

Herritarrei Durangoko Azokara etortzeko deia egin die Gerediagako koordinatzaileak: «Etor zaitezte euskal kulturari bultzada ematera, nobedadeak dastatzera, sortzaile berriak ezagutzera, zuzeneko emanaldiekin gozatzera, sormenaren magia sentitzera, eta gurekin batera, amets egitera… Etor zaitezte Durangoko Azokaren fantasian murgiltzera!».

Egitaraua eta nobedadeak durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke. 

 

Online salmentarik gabe

Egitarauaren aurkezpenean zenbait ohar ere eman zituzten antolatzaileek: Azaroaren 28an eta 29an sortzaileak eta programatzaileak batzeko Da pro! topaketa ospatuko da. Programatzaileek astelehenera arte, azaroaren 27ra arte, eman dezakete izena.

Atzo baDA!bil izeneko podkasta estreinatu zen, EITBrekin elkarlanean. 30 minutuko bost atal izango ditu, eta bakoitzean hiru sortzaile gonbidatuko dituzte: Izaro Andres, Uxue Razkin, Lide Hernando, Julen Apella eta Aner Peritz, esaterako.

Azoka Telebistak Fantasia DA! izeneko magazina ekoitziko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahalko da: tokiko telebistetan, azokaren webgunean eta youtuben.

Aurten ez da online salmentarik egongo, azoka presentzialaren aldeko apustua egingo delako. Abenduaren 10ean 18:00etan itxiko dira Landakoko ateak, gainerako egunetan baino ordu bi lehenago. Hala ere, Landakoko guneetako egitarauak martxan jarraituko du iluntzera arte.

Durangoko Azoka itxi eta biharamunean, Zu Non Han DA! ekimena hasiko da. Azokako nobedadeak Euskal Herriko 88 dendatara helduko dira, eta horietatik 27tan liburu aurkezpenak egingo dituzte, Urumea bailaran ere bai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!