«Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 25a, 00:00

Emakundek, gazteen sexu hezkuntza pornografiaren esku uzteko arriskuaz ohartarazi du gizartea azaroaren 25eko kanpainan. 

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun Sailak, Emakunderen bitartez, azaroaren 25eko kanpainan, gazteen sexu-hezkuntza pornografiaren esku uzteko arriskuaz ohartarazi du gizartea. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; eta EUDELek bultzatzen duten kanpainaren leloa honako hau da: «Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da», eta zenbait datu nabarmentzen ditu, hala nola: Eszena pornografikoen %88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa du. Pornoarekin lehen kontaktua izateko batez besteko adina 12 urtekoa da. Nerabeen %33,4k uste du pornoak eragin haundia dutela beren sexu-harremanetan.

Teknologiaren aurrerapenak, Interneten nonahikotasunak, eragin du pornografia masiboki hedatzea gure gizartean, aurrekaririk ez duen moduan, dohainik eta 24 orduko eskaintzarekin. «Arazoa ez da gazteek eszena sexualak ikustea, indarkeriazkoak baizik, kontsumitzen ari diren pornoa bortitza baita emakumeen aurka» adierazten dute kanpainan.

Horrela, «pornografia indarkeria-eskola bihurtzen ari da, harremanetan egin behar dutenari buruzko argibide-liburu moduko bat. Pornografia hori imajinario erotiko kolektibo bat eraikitzen ari da, non emakumeen aurkako indarkeriazko jarreren normalizazioa ematen den; imajinario bat, non beste pertsonarekiko enpatia desagertzen den eta botere-harremanekin ordezkatzen den; menderatzen ikasten dute gizonek, men egiten eta umiliatuak izaten ikasten dute emakumeek». 

Kanpainak ohartarazten du nagusiki kontsumitzen den pornoaren bidez indartu egiten direla maskulinitate bortitza eta menderatzailea eta feminitate atsegingarria, emakumea kosifikatzen duena, «betiere gizonezkoen gozamenaren aginduetara. Emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko, gazteek kalitatezko sexu-hezkuntza jaso behar dute».

Miren Elgarresta Berdintasunerako Euskal Erakundeko (Emakunde) zuzendariak adierazi duenez, «ezin dugu onartu indarkeria, umiliazioa eta emakumeen menderatzea erotiko eta natural bihurtzea, ez sexua indarkeriarekin nahastea, ezta inor behartuta egotea, batez ere, bere sexu-praktiketan nahi ez dituen gauzak egitera». «Gazteek kalitatezko sexu-hezkuntza jasotzeko eskubidea dute», adierazi du, eta, ondoren, Emakunde Jakitun programaren barruan hezkuntza afektibo-sexualean adituak diren pertsonekin lan egiten ari dela gogorarazi du. «Gehien kontsumitzen den pornografia, indarkeriaz gain, estereotipo eta aurreiritzi arrazista eta sexistez ere beteta dago» ohartarazi du.

Ildo horretan, Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak, aurrekontuen aurkezpenean, Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Isabel Gonzalezek egindako galdera bati buruz zehaztu zuen Bizikasi proiektuaren barruan, «Estatu mailako proiektu izar» gisa deskribatu baitzuen, «hezkuntza afektibo-sexuala lantzeko estrategia argia» dutela. Zehazki, proiektuaren zati hori lantzen zailak diren baina garrantzitsuak diren gaiak ikasgeletara eramatera bideratzen da. Iaz suizidioa landu zen. Helburua pornografiaren gaiari heltzea da. «Prestakuntza batzuk ditugu urtarrilerako, otsailerako, irakasleentzat, batez ere pornografiaren gaiak dakartzan arriskuen eremu osoa lantzeko. Iaz suizidio-estrategiaren esparruan egin genuen bezala, aurten pornografiaren gaiarekin egingo dugu, datu interesgarri gisa», amaitu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!