Indarkeria matxistari lotutako 6.448 delitu erregistratu dira Hego Euskal Herrian

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 25a, 00:00

Datu horiek urtarriletik irailera artekoak dira eta genero, etxeko eta sexu indarkeria hartzen dira kontutan. Igoera %6,2koa izan da EAEn eta Nafarroan ere igoera nabaria izan da. Laukoiztu egin dira sexu askatasunari lotutako erasoak.

Gaur Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna denez, bailarako herriek gai horren inguruko hainbat ekintza antolatu dituzte. Astigarragan, Hernanin eta Goizuetan, manifestazioak egingo dira. 

Antolatzaileen esanetan: «Indarkeria matxista errotik mozteko ezinbestekoa da erasoak identifikatzea; izan ere, egunerokotasunean bizi ditugun jokabide edo egoera ugari oso errotuta eta onartuta dauzkagun arren, erasoak dira eta eraso moduan ez identifikatzeak, jarrera horiek baimentzea, errepikatzea eta iraunaraztea dakar. Gainera, geroz eta indarkeria mota gehiago dauzkagu egun, testuinguru eta modu anitzetan gauzatu daitezkeenak. Konplexutasun horretan, erasoak identifikatzen ikasteko baliabideak eta tresnak lortu behar dira». 

Astigarragan antolatzaileak herriko hainbat eragile dira, hala nola, Emakumeon Etxea, Udala, Gaztelekua, Xaguxar, Gazte Asanblada eta Harituz elkarteak. Emakumeon aurkako indarkeria matxista gaitzesteko helburuarekin, atzo, elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean eta gaur, 12:30etan, manifestazioa izango da Erriberatik abiatuta Emakumeon Plazaraino.

Bihar Ellas hablan pelikula emango da Erriberan. 2023an film luze onenaren Oscar sarirako izendatutako hamar filmetako bat izan zen eta gidoi egokitu onenaren Oscar saria irabazi zuen. Zibilizaziotik isolatutako kolonia erlijioso batean bizi den eta abusuak jasan ondoren beraien bizitzak berreskuratu nahi dituen emakume talde baten istorio liluragarria kontatzen du.

Hernanin gaur mahai-inguru bat antolatu dute goizeko 11:00etan Kulturarteko Plaza Feministan. Mahai-inguru horretan zaintza ertz desberdinetatik bizi duten hainbat herritar izango dira haien esperientziak eta aldarrikapenak azaltzen. Ondoren, 12:30etan manifestazioa egingo dute bertatik hasita, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta.

Nafarroako Berdintasun zerbitzuetako 144 toki entitateen ordezkariek Ikusi duzu? Geldi ezazu? adierazpen instituzionalarekin bat egin dute, baita LAGA (Leitza, Areso, Goizueta eta Arano) Gizarte Zerbitzuak ere. Aurtengo mezua emakumeen aurkako indarkeria «betikotzen» duten jokamoldetan jarri dute fokua: «Egunero ikusi eta entzuten ditugun 'orain ligatzeko kontratu bat sinatu behar da', 'muxu bat besterik ez zen izan, ez da hainbesterako' eta abar. 

Indarkeria matxistari lotutako delituak %6,2 igo dira EAEn urtarriletik irailera arte

2023ko urtarriletik irailera bitartean, Ertzaintzak bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako, etxean familiarteko batek eragindako edo sexu-askatasunaren kontrako 4.879 delitu erregistratu ditu emakumearen kontrako indarkeria-modu ezberdinetan. Iazko aldi berarekin alderatuta, era horretako delituek, oro har, %6,2 egin dute gora. Denboraldi horretan, Ertzaintzak delitu horien biktima izan diren 3.983 emakume zenbatu ditu, eta 2022ko denboraldi berari dagokionez igoera % 7,7koa izan da, beraz.

Lurralde historikoen arabera, kasuen eta biktima diren emakumeen kopururik haundiena Bizkaian erregistratu da. Ehunekoei dagokienez, bai Bizkaian eta bai Araban era horretako delituek oro har %10 egin dute gora. Gipuzkoan, aldiz, erregistratutako delituetan beherakada txiki bat izan da.

Nafarroan 1.569 salaketa erregistratu dira urtarriletik irailera arte

2022an zehar Nafarroan 2021ean baino 290 salaketa gehiago erregistratu ziren, eta guztira 1.929 izan ziren. %36,35a 30 urtetik beherakoek jarri zuten; horietatik 244 (%12,65a) sexu-indarkeriari zegozkion. NABIko datuen arabera, aurtengo urtarrila eta iraila artean jadanik 1.569 salaketa erregistratu dira eta horietatik 266 sexu-indarkeriari dagozkio, 30 urte arteko adin tarterako %72,93a islatuz.

Hiru emakume hil dituzte 2023an Hego Euskal Herrian

Genero indarkeriari dagokio Ertzaintzak 2023an jasotako salaketa-kopururik haundiena. Orain arte bezala, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria kasuengatik jaso du, 569 zehazki, eta aurreko urtearekin alderatuta igoera %7,2koa izan da, beraz. Horietatik gehienak ohiko tratu txar fisikoak, irainak, laidoak eta lesioak dira, eta, ondoren, askatasunaren aurkako delituak, batez ere, mehatxuak, hertsapenak edo jazarpena. Aurten, orain arte, bi emakume hil dituzte Euskadin bikoteak edo bikotekideak: Maiatzaren 16an, Lourdes, 50 urtekoa, Orion hil zuen bikotekide ohiak, eta, ondoren, honek bere buruaz beste egin zuen. Maiatzaren 28an, Maialen, 32 urtekoa, Gasteizen hil zuen bikotekide ohiak.

Horrez gainera, foru lurraldean emakume bat eraila izan da aurtengo orain arteko epean, zeinek 15 biktima metatzen dituen azken hamarkadan. Estatu mailan berriz, jada 52 dira aurtengo orain arteko epean erailak izan direnak (horietako 7, 30 urtetik beherakoak) eta ondorioz, 50 umezurtz egoeran geratu direnak.

Emakumeen kontrako eraso gehien izaten den bigarren ingurune nagusia etxea da (familia barruko/etxeko indarkeria, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa ez dena), eta aurten, orain arte, 836 kasu erregistratu dira, aurreko urtean baino %3,5 gutxiago, iaz 867 kasu erregistratu baitziren.

Laukoiztu egin dira sexu askatasunaren aurkako erasoak

Bestetik, sexu indarkeriak, igoera aipagarria izan du, 2023ko eta 2022ko aldiak alderatuta, sexu askatasunaren kontrako delituen atalean: 459 kasu erregistratu dira, aurreko urtean baino ia %20 gehiago, iaz 397 kasu erregistratu baitziren. Gehienak sexu-erasoak izan dira, eta zifra laukoiztu egin da. Horren arrazoia da, neurri haundi batean, 2022ko urriaren 7an 'bai bakarrik da bai' izenez ezagutzen den legea, sexu abusua eta erasoa parekatzen dituena, indarrean sartu izana. Gainera, horrek adierazten du sexu eraso larrienek ere gora egiten jarraitzen dutela: 2022an 62 erregistratu ziren eta aurten, 2023an, 89 gertatu dira, hau da, % 43,5 gehiago.

Plan estrategiko berria abiatuko da aurrekontuarekin 2024an

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak jakitera eman zuenez astelehenean, Ertzaintza jada ari da emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategiko berria lantzen. Horren helburua da edozein eratako indarkeria matxista jasaten duten emakumeek gaur egun jasotzen duten arreta hobetzea, eta, alde horretatik, plan integrala eta zeharkakoa izango da, eta EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. Akordioarekin lerrokaturik egongo da. 2024rako izango dituzte jada aurrekontu-konpromisoak.

Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna azaroaren 25a jarri zen 1999an

Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna urtero azaroaren 25ean ospatzen da. Nazio Batuen Erakundeko Biltzar Nagusiak erabaki zuen egun hori ospatzea, 1999ko abenduaren 17an. Eguna Dominikar Errepublikak proposatu zuen, eta beste hirurogei herrialdek babestu zuten. 

Hain zuzen ere, gaurko egun hau emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta desagerrarazteko helburuarekin sortu zen.

Egun hori Mirabal ahizpen hilketa oroitzeko aukeratu zen. Mirabal ahizpak Dominikar Errepublikako hiru ekintzaile politiko izan ziren eta 1960ko azaroaren 25ean Rafael Trujillo diktadorearen poliziak bortizki hil zituen. Urte horretatik aurrera, emakumeen talde eta mugimendu feministak data hori hartu zuen emakumeenganako indarkeria sexistaren aurkako egun bezala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!