Baztan Txapelketako azken fasea jokatuko dute Osesek eta Legarretak

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 21a, 00:00

Gipuzkoako Errendimendu Txapelketan ere Hernaniko 6 pelotari sailkatu dira.

Baztan Txapelketa azken fasera iristear da. Asteburu honetan jokatu dituzte final laurdenak, eta CD Hernaniko bi pelotarik lortu dute finalerdietarako txartela. Ekhi Oses kadete hernaniarrak 18-15 irabazi zion, Ibarzabal markinarrarekin batera, Nanclares-Olza bikoteari. Jubenil mailan, aldiz, Hernaniko Oihan Legarretak eta Olaizek (Oiarpe) 22-8 irabazi zuten Behar Zana taldeko Iparragirreren eta Otaegiren kontra. Txapelketa pribatuekin amaitzeko, Najerako 4 t'erdiko torneoan finalerdiak jokatzeko txartela lortu du Imanol Ormazabal Infantilak. 

Gipuzkoako Errendimendu Txapelketari dagokionez, asteburu honetan amaitu da sailkapen fasea alebin eta infantil mailetan. Guztira, Hernaniko sei pelotarik jokatuko dute azken fasea: infantil 1go mailako Oier Arsuagak, Lier Zugastik eta Imanol Ormazabalek; infantil 2. mailako Unax Mendiablek eta Ekhi Galdosek; eta alebin 2. mailako Xuban Mirandak. Arsuaga eta Mendiable izan dira emaitza onenak lortu dituzten pelotariak, jokatutako bost partiduak irabazita. 

Apezetxea garaile Zaldibarren

Zaldibarko Olazar Txapelketako partidua jokatu zuten pasa den ostegunean. Bailarako bi pelotari aurrez aurre aritu ziren; Umore Ona taldeko Beñat Apezetxea, eta Mundarroko Eñaut Lizeaga. Partidua goizuetarraren aldeko emaitzarekin amaitu zen, 22-13; beraz, Apezetxeak aurrera egin du txapelketan, eta kanpoan geratu da Lizeaga. Txapelketa berean, Ekain Lizeagak eta Zubizarretak 22-6 irabazi zuten Etxaniz-Balerdi bikotearen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!