Garaipen sorta ederra, saskibaloi taldeek

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 21a, 00:00
Tecnuni irabazi dio Mundarrok.

Jardunaldi borobila izan da eta bailarako talde nagusi guztiek lortu dute garaipena asteburuan. 

Asteburu bikaina izan da bailarako saskibaloi talde nagusientzat. Jokatutako partidu guztietan garaipena lortu dute, eta norgehiagoka ederrak egin dituzte. 

Gipuzkoako 1go mailako gizonezkoetan, 70-62 irabazi zuen Mundarrok Mondragon Unibertsitatearen kontra. Lehenengo zatian bideratu zuen partidua, atsedenaldi luzera 42-30 aurretik iritsita. Hirugarren laurdenean bisitariek aldea laburtzea lortu zuten, baina moreek ondo eutsi zioten emaitzari azken laurdenean. Asteburu honetan Añorga liderraren aurka jokatuko du Mundarrok. 

Emakumezkoen taldeak ere alde haundiarekin irabaztea lortu zuen Tecnunen kontra, 41-52. Liga hasiera txarrari buelta ematen ari dira moreak, eta dagoeneko bi garaipen eskuratu dituzte. Datorren jardunaldian Ostadarren aurka jokatuko dute, 3 garaipen eta 3 porrotekin sailkapenaren erdialdean dagoen taldearen kontra. 

Gipuzkoako 2. mailan, Hernanik ere ez zuen barkatu AZ Riojaren etxean. Gutxigatik, 58-60, baina garaipena etxera ekartzea lortu zuten hernaniarrek. Garaipenak kostata lortzen ari da Hernani, 2 garaipen eta 4 porroteko balantzea dauka, eta Eibar izango da taldearen hurrengo aurkaria. Eibartarrak sailkapena ixten daude, 8 jardunalditan 8 porrot jasota.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!