Hiru garaipen kateatzea lortu du Hernaniko Ohorezko Erregionalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 21a, 00:00
Aitor Elizalde kapitaina izan zen golegileetako bat.

Euskal Ligako neskek galdu egin zuten Añorgan, eta Mundarrok berdindu Zarkumendegin.

Asteburu gazigozoa izan da bailarako futbol talde nagusientzat. Etxetik kanpo jokatu dute Hernaniko taldeek, eta Zarkumendegin Mundarrok. 

Jardunaldiko garaipen bakarra Ohorezko Erregional mailako taldeak eskuratu du. Aritz Lujanbioren mutilek 1-2 irabazi zuten Oiartzunen aurka, talde gogorren aurka lehiatzeko prest daudela erakutsita. Aritz Oyarbide eta Aitor Elizalde izan ziren partiduko golegileak, eta sailkapeneko seigarren postuan kokatu da Hernani. Bolada onean sartzea lortu du azkenean taldeak, hiru garaipen kateatzea lortu du, eta bide horretan jarraitu nahi dute taldekideek. Oraingoan Zubipera itzuliko dira, sailkapeneko postu epeletan dagoen Elgoibar taldearen kontra jokatzeko. 

Ez da hain asteburu ona izan Euskal Ligako neskentzat. Añorgaren aurka 1-0 galdu zuen Hernanik, eta amaiera eman dio garaipenen errenkadari. Denboraldi bikaina egiten ari dira Hernaniko jokalariak, neurria hartu diote maila berriari, eta goiko postuetan egonkortu da taldea. Emaitza txarrari buelta emateko aukera izango dute asteburu honetan partidu gogor batekin; Ugaoren aurka jokatuko dute Zubipen, eta irabazten badute bizkaitarrak aurreratuko dituzte sailkapenean. 

Mundarrok ere ezin izan zuen garaipena lortu. Etxean jokatu zuen Urnietaren aurka, eta kosta egin zitzaien partiduaren kontrola izatea. Erotu egin zen norgehiagoka, eta 3-3 izan zen azken emaitza. Sailkapenaren goialdean jarraitzen dute moreek eta proba zailari egin beharko diote aurre asteburuan. Ostadar bigarren sailkatuaren aurka jokatuko dute Michelinen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!