Egun seinalatua izaten da azaroaren 22koa, Santa Zezilia eguna, musikari eta abeslarientzat. Data horren bueltan eskaini ohi dituzte emanaldiak, musikarien zaindariari eskainitakoak; eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Urumea bailarako talde ugarik jarri dute hitzordua datozen egunetan, kontzertuak eta kale bueltak tarteko.
Goiz Eguzki abesbatzako kideak izango dira goiztiarrenak, gaur eguerdian aterako baitira kalera. Plaza Berritik abiatuko dira 12:00etan, eta Kaxkoan barrena osatuko dute ibilbidea, Kale Nagusia eta Andre Kalea zeharkatuz, Zinkoenearaino. Bidean, 10 toki estrategikotan egingo dute geldialdia, abesti pare bat kantatzeko. Guztira, 16 abestiko errepertorioa prestatu dute. Kale buelta bukatuta, bazkari batekin borobilduko dute ospakizuna abesbatzako kideek, Elur Txori elkartean.
Gaur bertan eskainiko dute kontzertua, Hernaniko Musika Bandak eta Gazte Bandak ere. Hernaniko Institutuko areto estalpetuan izango da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Gazte Bandak joko du lehenik, Roberto Pachecok zuzenduta, 40 kiderekin: Hernaniko Musika Eskolako ikasleak, eta Donostiako kontserbatorioan ikasten ari diren hernaniar gazteak. Lau pieza eskainiko dituzte: 'Zapa', 'Loretxoa', 'My Way' eta 'Coldplay Classics'.
Segidan, 19:00etan, helduen Musika Bandaren txanda iritsiko da, eta zazpi obra eskainiko dituzte: 'Arsenal', 'Run to the light', 'Brehme', 'Gernika', 'Neotango', 'Crown imperial' eta 'Kapytan'. Emanaldia amaitzeko, elkarrekin ariko dira bi bandak, azkeneko bi piezak eskainiz: 'Avengers' eta 'El Zapa'.
Beste bost hitzordu, datorren astean
Gainerako taldeek, datorren asterako jarri dute hitzordua, Santa Zezilia ospatzeko. Asteartean joko dute Hernaniko Musika Eskolako ikasleek, 18:30etan Biterin; eta kalera aterako dira ostegunean, arratsaldeko 18:00etan, 'Musikalean' ekimenarekin herria alaitzera.
Ostiralerako, zita berezia jarri dute Hernaniko Txistulariek: 'Ur bi' kontzertua eskainiko dute Santa Zezilia ospatzeko, Elena Setien abeslariarekin eta hainbat gonbidaturekin batera, 19:00etan Biterin.
Larunbatean, berriz, Kantuz abesbatzak eskainiko du kontzertua, 19:30etan hasita, Hernaniko udaletxeko areto nagusian. Eta igandean egingo du kale buelta Astigarragako Txirriskla txistulari taldeak, 10:00etan hasita, Santiomendin (10:00), Andre Gobadarien ibai parkean (12:00) eta Kontxa Etxeberria plazan (13:00) kontzertuak eskainiz.