Elur Txorik aurreneko postua jokoan, etxean

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 18a, 00:00

Zarautzen kontra jokatuko du A multzoko lidertza gaur, 10:00etan Benta Berrin. B multzoko onena izan da Ur-Mia.

Aste honetan bukatuko dute aurreneko fasea bolariek, Gipuzkoako Taldekako Txapelketan. Semifinaletara sailkatuko dira Urumea bailarako bi taldeak, Ur-Mia eta Elur Txori, hori ziur; baina zehazteko dago zein postutan.

Ereñotzuarrek atzo zeukaten azkeneko tiraldia etxean, Ostadarren kontra. Galdu edo irabazi, ordea, Beheko B multzoko aurreneko postua ziurtatuta zeukan Ur-Miak dagoeneko, atzokoa jokatu aurretik ere.

Horretan saiatuko da Elur Txori, Beheko A multzoan. Hernaniarrek ere ziurtatuta daukate semifinaletara pasea, baina aurreneko postua izango dute jokoan gaur, Zarautz 1 taldearen kontra, etxean: goizeko 10:00etan, Benta Berrin. Zarauztarrak dira une honetan A multzoko buru, 11 punturekin; baina puntu bakarrera daude hernaniarrak, 10 punturekin. Gaurko garaipenak aurreneko postua emango lieke, eta kasu horretan, saihestuko lukete Ur-Miaren kontra aritzea semifinaletan. 

Izan ere, hurrengo fase horretan, multzo bakoitzeko lehenengoak besteko bigarrenaren kontra jokatu beharko du. Datorren asteburuan jokatuko dituzte semifinalak, lehenengo sailkatuaren etxean. Bi irabazleek, abenduaren 2an jokatuko dute finala, Seguran, Goiko multzoetako irabazleekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!