Martxan da buruz buruko Gipuzkoako Txapelketa, aste honetatik, kadete, jubenil eta senior mailetan. Urumea bailarako esku pelotari ugari ariko dira bertan. CD Hernanik 13 ordezkari izango ditu (bost senior, zazpi jubenil eta kadete bat), eta lau pelotarirekin ariko da Mundarro (senior bat eta hiru kadete). Atzo jokatu zuten hainbatek, eta asteburuan ariko dira gainerakoak; besteak beste, Hernaniko bost seniorrak: Iñigo Labaka lehenengo mailan, eta Garikoitz Arizmendi, Josu Altuna, Unax Manterola eta Julen Gaztañaga bigarren mailan.
Infantilek eta alebinek, bestalde, asteburu honetan jokatuko dute ligaxkako azkeneko jardunaldia, Gipuzkoako Errendimendu Txapelketan. Azken fasera sailkatzeko aukera dute CD Hernaniko sei gaztetxok: Inhar Arregik, Xuban Mirandak eta Haitz Labakak alebinetan, eta Imanol Ormazabalek, Aieko Azpeitiak eta Ekhi Galdosek infantiletan. Beraien partiduak irabazi beharra daukate horretarako. Aldiz, dagoeneko sailkatuta daude beste hiru, infantil mailan: Unax Mendiable, Lier Zugasti eta Oier Arsuaga.
Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea, hirugarrenaren bila
Bestalde, Nafarroako Txapelketa ari dira jokatzen Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea goizuetarrak, nagusien lehenengo mailan; eta bihar daukate ligaxkako hirugarren partidua: Goizuetan ariko dira, goizeko 11:30etan hasita, Oberenako Elizalderen eta Lazkozen kontra. Aurreko biak irabazita, biharkoan garaipena lortuz gero, oso gertu izango lukete final laurdenetara pasea.
18 bikote ari dira lehian, hiru multzotan banatuta. Bost partidu jokatuko ditu bikote bakoitzak ligaxkan, eta multzo bakoitzetik, aurreneko bi bikoteek egingo dute aurrera; baita hirugarren sailkatutakoetatik bi onenek ere.