'Bertsopentsiotan' lehiaketa jarri dute martxan EHko Pentsiodunek

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 15a, 00:00

Gaurtik urtarrilaren 15era arte bidali daitezke bertso sortak, postaz zein helbide elektronikoz. Sortak osatzeko gaia Ari garela, ari garela, astelehenero kalean da.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatuta, martxan dago jada 'Bertsopentsiotan' I. bertso jarrien lehiaketa. Ekimen honekin «euskal kulturari ekarpen xumea» egitea da pentsiodunen helburua: «Kultur ekimen berri hau ere pentsioen gaian sakontzeko baliatu nahi dugu; bertsogintza, pentsamendu eta ideia berriak gizarteratzeko baliabide gisa». 

Helburu hori betetzeko, ondorengo gaiari erantzun beharko diote parte hartzaileek: Ari garela, ari garela, astelehenero kalean. Alegia, Pentsiodunen Mugimenduak astelehenero egiten dituen aldarrikapenak izango dira bertso sortak osatzeko gaia. Sorta bakoitzak gutxienez 3 eta gehienez 6 bertso izan beharko ditu, neurri librean eta erabilitako doinua zehaztuta. 

Bidaltzeko epea gaur zabaldu dute, eta urtarrilaren 15era arte luzatuko da. Beraz, parte hartu nahi dutenek bi modu izango dituzte sortak antolatzaileei helarazteko; posta arruntez bidalita (20 postua-kutxa, Iurreta 48215) edo bertsopentsiotan@gmail.com helbide elektronikora. Postaz bidaltzen dutenek bertso sorta izenburu batekin eta ezizenez sinatuta gutunazal haundi batean bidaliko dute, eta gutunazal txikiago batean bidali beharko dituzte izen abizenak, herria eta kontaktua. Korreo elektronikoz bidaltzen dutenek, berriz, bi mezu bidali beharko dituzte, bata bertso sortarekin eta bestea kontakturako datuekin. 

Antolatzaileek «herri honetako zein diasporako pentsiodun eta 60 urte bete dituzten guztiei» luzatu diete parte hartzeko gonbidapena. 

OINARRIAK

1. Parte-hartzaileak: Euskal Herriko eta diasporako pentsiodun edo 60 urtetik gorako edozein euskaldunak parte hartu ahal izango du
bertso jarrien lehiaketa honetan.

2. Gaia: Ari garela, ari garela, astelehenero kalean. Alegia, Pentsiodunen Mugimenduak astelehenero aldarrikatzen dituenak izango dira bertso jarrien gaia, bere luze-zabalean.

3. Lana: Gutxienez 3 eta gehienez 6 bertsoko sortak entregatu beharko dira, neurri librean eta, ahal dela, erabilitako doinua zehaztuta. Bertso-sortak izango dira, hau da, lotura argia daukaten bertsoz osatutako lanak.

4. Bidalketa moduak:
a. Posta arruntaz bidaltzeko, jatorrizko bertso-sorta izenburu batekin eta ezizenez sinatuta gutunazal handi baten sartuko da, egilearen datuak (izen-abizenak, herria eta kontakturako e-mail eta telefono zenbakia) jasoko dituen gutunazal txikiago batekin batera. Gutunazal txikiaren kanpoaldean sortaren izenburua edo egilearen ezizena idatzi. Helbidea: 20 posta-kutxa, Iurreta 48215 (Bizkaia).

b. Posta elektronikoz bidaltzeko aukera ere izango da. Horretarako, bi korreo bidali beharko dira: batean bertso-sorta izenburuarekin eta ezizenez sinatuta jasoko dituen dokumentua (PDF formatuan, ahal dela); eta bestean, sortaren izenburuari edo ezizenari dagozkion datuak, hau da, izen- abizenak, herria eta kontakturako telefono zenbakia. Posta helbidea bertsopentsiotan@gmail.com.

5. Epea: Bertsoak bidaltzeko azken eguna 2024ko urtarrilaren 15a, astelehena, izango da.

6. Sari-banaketa: Lehiaketaren sari-banaketa aurrerago jakinaraziko den ekitaldi publiko eta zabalaren bidez egingo da. Ez da diru-saririk izango. Parte-hartzaile guztiak gonbidatuta egongo dira eta sarituek euren bertsoak kantatzeko aukera izango dute.


Oharra: lanen jabetza Pentsiodunen Mugimenduarena izango da, baina lehiaketa honi dagozkion komunikazio-ekimenetatik at egin daitezkeen bestelako erabileretarako bertsoen egilearen baimena eskatuko da aurrez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!