Asteburu garratza, bailarako saskibaloi talde nagusientzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 14a, 00:00

Galdu egin zuten Mundarroko neskek eta mutilek, Gipuzkoako 1go mailan; eta bertan behera geratu zen Hernaniko mutilena.

Ez da asteburu erraza izan, Urumea bailarako saskibaloi talde nagusientzat. Gipuzkoako lehenengo mailan, porrota jaso du Mundarrok, bai nesketan eta baita mutiletan ere. Hernaniko mutilen taldeak, berriz, ezin izan zuen jokatu bigarren mailako partidua, Hernaniko kiroldegian, kantxaren hezetasunaren eraginez.

Ostiral iluntzean jokatu zuten Mundarroko neskek, etxean, Takeren kontra. Alde haundirik gabeko partidua izan zen, baina tolosarrek abantaila txiki bat lortu zuten markagailuan, eta zuloa haunditu egin zuten pixkanaka. Oraindik partiduari buelta emateko aukerarekin iritsi ziren astigartarrak azkeneko laurdenera (20-29), baina kontrarioak hobeto aritu ziren azkeneko 10 minutuetan ere, 28-42 irabazteko.

Mundarroko mutilek, aldiz, etxetik kanpo jokatu zuten larunbat iluntzean, Donostian; eta 59-53 galdu zuen, Askatuak taldearen kontra. Aurreneko zatian egin zien ihes garaipenak astigartarrei: 34-21 iritsi ziren atsedenaldira, eta hirugarren laurdenean gerturatzea lortu zuten arren (49-42), aldeari eutsi zioten donostiarrek azkenekoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!