Hernaniko talde nagusiek garaipen errazak lortu dituzte Eibarren eta San Ignacioren aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 14a, 00:00

Ioritz Lujanbio hernaniarra, goletako bat ospatzen, Elizalde kapitainarekin.

Euskal Ligako neskak eta Ohorezko Erregionaleko mutilak 3-0 eta 5-0 nagusitu ziren bilbotarren eta eibartarren aurka. Gol festa izan zuten Zubipen, larunbat arratsaldean. Mundarroko mutilek galdu egin zuten Orion.

Hernaniko futbol talde nagusi­ek jardunaldi ezin hobea izan dute asteburuan. Zubipen jokatu zituzten partiduak larunbat arratsaldean. Ohorezko Erregional mailako mutilek 5-0 irabazi zuten Eibarren aurka, eta segidan, Euskal Ligako neskek jarraipena eman zioten gol festari: 3-0eko garaipena lortu zuten, San Ignacio talde bilbotarraren aurka. 

Arratsalde borobila bizi izan zen Zubipen. Lehenengo mutilen txanda iritsi zen. Eibar indartsua zuten aurrez aurre, baina hernaniarrek denboraldiko partidu hoberena jokatu zuten, eta erraz gainditu zituzten eibartarrak. Garaipen garrantzitsua da txuri-berdeentzat, eta sailkapen nagusian goruntz begira jarri dira, seigarren postuan. Lehenengo postuak ez dauzkate urruti, gerturatu egin baitira.

Euskal Ligako neskak ez dira aspertzen partiduak irabazteaz. Amesteko denboraldia ari dira osatzen, eta seigarren garaipena lortu zuten (3-0), San Ignacioren aurka. Bilbotarrak eta hernani­arrak berdinduta zeuden sailkapenean, 17 punturekin, baina etxekoak askoz ere gehiago izan ziren, eta ongi menderatu zuten kontrarioa. 20 punturekin, bosgarren postuan daude sailkatuta, lidergotik 5 puntura. 

 

Mundarrok 2-0 galdu zuen Oriokoren aurka

Mutilen Erregional Preferentean, Mundarrok 2-0 galdu zuen Oriokoren aurka. Sailkapenean elkarrengandik gertu zeuden bi talderen arteko partidua izan zen, eta oriotarrak nagusitu ziren markagailuan. Moreak gogotik saiatu ziren, baina etxekoek lortu zituzten hiru puntuak. 

Emaitza honekin, Mundarro bosgarren postura jaitsi da, 16 punturekin, eta Oriokok aurreratu du 17 punturekin. Sanpedrotarra da liderra, 22 punturekin.

Erlazionatuak

Hernani-Eibar futbol partidua (2023-11-11)

Kronika - Erredakzioa 2023 aza 14 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!