Urriza eta Azpiroz, kinka larrian

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 12a, 00:00

Binakakoaren bigarren partidua ere galdu egin dute eta ezin dute hutsik egin azken bi partiduetan.

Ostiralean, Binakako Erremonte Txapelketaren bigarren jaialdia jokatu zen Galarretan. Partidu lehiatuak ikusi ziren eta Ansa II.a-Martirena eta Segurola-Juanenea bikoteek, 2-1eko emaitzarekin, gainditu zituzten Urriza-Azpiroz eta Ezkurra II-Larrañaga bikoteak, hurrenez hurren. 

Urriza eta Azpiroz faboritoetakoak ziren txapelketa hasi aurretik, baina bi partidu jokatu ondoren puntu bakarra dute, herenegun lortutakoa, eta hurrengo faserako sailkapena asko zaildu zaie. Kinka larrian daude bi nafarrak. Ansa II.a eta Martirenaren kasua guztiz kontrakoa da. Bi partiduetan, bi garaipen lortu dituzte eta zazpi punturekin gertu dute, gutxienez, finalerdietarako sailkapena. Ezkurra II.a eta Larrañaga porrotarekin estreinatu ziren eta puntu bakarra lortu zuten. Segurola eta Juaneneak lehenengo garaipena lortu zuten aurreneko jardunaldiko porrota eta gero. Orain hiru puntu dituzte sailkapenean.

 8-7 erabaki ziren bi partiduak azken setean

Binakakoaren bigarren jaialdia, aurrenekoarekin alderatuta, zeharo ezberdina izan zen. Bi partiduak azken setean erabaki eta 8-7ko emaitzarekin amaitu ziren. Lehenengo partiduan Ansak eta Martirenak 15-12, 13-15 eta 8-7ko markagailuarekin garaitu zituzten Urriza eta Azpiroz. Bigarren partidua ere antzekoa izan zen eta Segurolak eta Juaneneak 15-7, 9-15 eta 8-7 irabazi zieten Ezkurra eta Larrañaga bikoteari.  

Jaialdiko lehenengo partidua Bigarren mailakoa izan zen. Goikoetxea eta Aiestaranek 2-0 (15-14 eta 15-12) garaitu zituzten Gurrutxaga eta Zubiri. Aiestaran oso seguru aritu zen partidu osoan zehar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!