Irakurketa kluba, batxata ikastaroa eta gorputz adierazpen saioak, Zilegi Eskolan

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 12a, 00:00

Etzi eta asteazkenean hasiko da irakurketa kluba, Biterin, Uxue Apaolazarekin eta hilero izango da.

Azaroa ekintzez josia dator Hernanialdera Zilegi Eskolaren eskutik. Etzi, asteartean, 09:30etan, eta azaroaren 15ean, asteazkenean, 18:00etan, Uxue Apaolazak Bazen behin ipuin irakurle kluba gidatuko du Biterin. Kluba hilero elkartuko da eta ipuin baten lanketa egingo da. Hil honetan Poeren Bihotz salataria landuko da.

Azaroaren 23an eta 28an, 18:00etatik 20:00etara batxata ikastaroa izango da Langile ikastolako aretoan, Maddi Erauskin eta Julen Garmendia batxata dantzarien eskutik.

Astigarragan, aldiz, azaroaren 21ean, 18:00etan, eta azaroaren 22an, 09:30etan, Uxuri Irastorzak gorputz adierazpen saioa eskainiko du kultur etxe zaharreko aretoan.
Saio guztiak doakoak izango dira, baina, leku-arazoak ekiditeko, izena ematea komeni da.

Bukatzeko, Zilegi Eskolak jakinarazi nahi du saioetan parte hartzeko ez dela euskaltegiko ikaslea izan behar, interesa duen edozein herritarrek eman dezake izena. Izena emateko 663 04 33 14 telefonora deitu daiteke edo zilegieskola@aek.eus helbidera idatzi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!