Zaintza eskubide kolektiboa aldarri, azaroaren 30ean

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 11a, 00:00

Azaroaren 30erako greba feminista orokorra deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta arrazoiak dira, besteak beste, egungo zaintza sistemaren eredua aldatzea.

Azaroaren 30erako, greba feminista orokorra egiteko deialdia egin die Euskal Herriko Mugimendu Feministak euskal herritarrei. Eta nabarmendu dute deialdira eragile sozial eta sindikatu ugari batu direla. Greba egun horren aldarrikapena da zaintza eskubide kolektiboa, eta gainera, «prozesu luze baten ondorioa izan da. Izan ere, zaintzak eta bizitzak erdigunean jartzeko aldarrikatu da aspaldidanik, eta hori lurreratzeko greba borroka tresnatzat erabiltzea erabaki da oraingo honetan» aitortu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak.

Azaroaren 30erako deitutako grebaren arrazoiak ere argudiatu ditu, eta honako hauek dira: «egungo zaintza-sistemaren eredua eraldatu nahi dugu, eta zaintza-sistema publiko komunitarioa eraiki nahi dugu: pribatizaziorik gabekoa, duina eta emantzipatzailea».

Gaur egungo egoera ere mahai gainera ekarri du mugimendu feministak, eta azaldu du «zaintza erabat familiaren esku» geratzen dela; eta era berean, kritikatu dute zaintza merkantilizatuagoa, feminizatua eta arrazializatua dagoela. Horrez gain, aitortu dute zaintza lanek ez dutela dagokien baliorik: «ez zaie aitortzarik egiten, ordainduak nahiz ordaindu gabeak izan». Bestalde, zaintza lanen antolaketa eta banaketa «injustua» dela era azpimarratu dute. Horren aurrean ondorengoa aldarrikatu nahi dute: «pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaini eta jasotzeko eskubidea dute».

Hiru aldarrikapen nagusi, 30ean greba egiteko

Hiru multzotan banatu ditu aldarrikapenak Euskal Herriko Mugimendu Feministak: «Batetik, zaintza sistema publikoaren aldeko aldarrikapen multzoa dago, bertan, zaintza zerbitzuen pribatizazioarekin amaitzea eta zaintza duinen unibertsaltasuna eskubidetzat aitortzea jasotzen dira, besteak beste. Bestetik, bizitza duinen aldeko aldarrikapenen multzoa dago eta Atzerritartasun Legea bertan behera uztea eta bitartean zaintza langile guztiak erregularizatzea biltzen du. Eta amaitzeko, zaintza langileen baldintza duinen aldeko aldarri-multzoa dago, zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea eta etxeko langileak lan erregimen orokorrean sartzea jasotzen ditu, esaterako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!