'Andereño' haur antzerkia eta 'Korrotik pikutara' hitzaldi dantzatua gaur, eta bihar, 'Loti Ederrak'

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 11a, 00:00

'Loti Ederra' antzezlaneko eszena bat. Argazkia: Glu-glu konpainia.

'Korrotik pikutara' hitzaldi dantzatua eskainiko dute gaur 11:00etan, Astigarragako herri eskolako aretoan; eta Biterin, berriz, 'Andereño' antzezlana oholtzaratuko du, Anita Maravillas taldeak, eguerdiko 12:00etan.  Bihar, etxeko txikientzat 'Loti Ederrak' antzezlan musikatua eskainiko du, Glu Glu konpainiak, Erriberan, 17:00etan hasita.

Asteburuan, kulturaz gozatzeko tartea izango dute astigartarrek eta hernaniarrek; izan ere, hiru emanaldi eskainiko dituzte Biterin eta Erriberan, gaur eta bihar artean.

Hernanin, Anita Maravillas taldeak, 'Andereño' lana oholtzaratuko du, eguerdiko 12:00etan. Antolatzaileen arabera 6 urtetik gorako haurrei zuzendutako lana da eta 55 minutuko iraupena du.

Gaurko antzezlaneko andereñoa ausarta, trebea eta atsegina da. Haurren gaitasunetan sinesten du, guztien gaitasunetan. Andereñoak eta bere gelako txikiek eskola eder bat eraiki dute elkarrekin, basoan animalia guztientzako tokia duen eskola bat. Irakasleak gehien maite duen hitza askatasuna da, eta, beraz, bere klasea askatasunez haztea nahi du. Zoritxarrez, nagusiek gerra hasiko dute, eta, ondorioz, protagonistek atzean utzi beharko dute amestutako eskola, maitasunetik eta elkarren zaintzatik eraikitako eskola. Anderereñoren istorioa aske eta zoriontsu izateko saiakera ero eta ederra islatzen du gaur oholtzaratuko duten lanak. 

Sarrerak, 3,5 euroko prezioa du eta lortu daitezke Biteriko lehiatilan edota kultura.hernani.eus webgunean. 

Astigarragan, berriz, hitzaldi dantzatua eskainko dute gaurkoan Oier Araolazak eta Gari Otamendik, eta bihar, Glu Glu konpainiak 'Loti Ederrak' antzezlana oholtzaratuko du, Erriberan. 

Gaurko emanaldian, euskal dantzaren istorio bat kontatu eta gorpuztuko dute Apaolazak eta Otemandik, herri eskolako aretoan, Astigar dantza taldeak antolatuta. Goizeko 11:00etan hasiko da hitzaldi dantzatua, eta bertan, dantza molde zaharretik gaur egungo dantza formetara egindako bideari erreparatuko diote: korroan, borobilean hasi, eta azkenik norbanako bihurtu arte. Ibilbide hori hitzez eta dantzaz aurkeztuko dute.

 

'Loti Ederrak' antzezala bihar, Erriberan

Bihar arratsalderako, berriz,  Andrea Covadongak, Jon Casamayorrek, Sara Barroetak, eta Itxaso Quintanak, 'Loti Ederrak' antzezlana oholtzaratuko dute, Erriberan, 17:00etan hasita. Lan honek, antzerkia, musika, eta dantza uztartzen ditu, istorio eder bat oinarri hartuta. Loti ederrak ipuin klasikoaren antzerkirako egokitzapena da, eta eszenatokira eramateko, ipuinaren alderdi sexistak eta tradizionalistak ezabatu dituzte.

Oraingo honetan, gaur eguneko gai gatazkatsuenetako batez jardungo dute: «haur zein nerabeen sare sozialen menpekotasuna edota esklabotza landuko dute. Inposatu zaizkigun edertasun-estereotipoekin haustea dugu xede. Hautaketa honek, kontraesana eman lezake, eta, bada».

Sinopsia

Loti Ederrak maitagarrien ipuin baten bertsioa da, zer eta haurrek bertsio izateari utz diezaioten, nola egiazkoak eta benetakoak izan daitezen. Maitagarriak izateari uzteko, benetako pertsonak izateko, argazkien filtroen eta sare sozialen mende egoteari utzi behar zaio. Horrela, norberak bere barreneko edertasuna aurkituko du, benetakotasuna, alegia.

Antzerkiko istorioaren protagonistak nerabe talde bat eta haiek imitatzen dituen neskatoa izango dira. Denek sare sozialetan arrakasta lortu nahiko dute, eta nagusiak imitatzen dituen neskatoak ere, bide berdinari heldu eta sareen tranpan eroriko da. Eta edertasunaren sare sozial ilunetan lotuta geratuko da ume protagonista. Ondorioz, aplikazio baten bidez ipuinen mundura jauzi egingo du. Maitagarri on eta gaiztoen antzerkia da, alegiazko printze eta gazteluen istorioa. Barrenerako bidaia honetan ipuinak alde batera utzi eta benetako errealitatea ikustea lortuko du umeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!