Nabaria da telesailen aroan bizi garela. Tira, telesailak zein ikus-entzunezkoak plataforma digitaletan masiboki kontsumitzearen garaian zehatzago esanda. Azken boladan, estreinatzen den guztia ikusi nahi izatearen obsesioa gailentzen ari da, eta antsietate horrek kontsumitzeko modu toxikoa sortu duela uste dut. Nire lehen tarte hau gomendio erraz batekin hasiko dut: ikusten duzuna ikusten duzula, gustura izan dadila, zuk nahi duzulako, eta ez sare sozialek bultzatu zaituztelako ala plataforma malapartatuen algoritmoek burmuina xurgatu dizutelako. Hilabetero gomendioak ezker-eskuin banatuko dituen sasi-aditu horietako bat naizela kontuan izanik, kontraesankorra irudituko zaizue hau nire ahotik entzutea; norbaiten gomendioak aintzat hartzea primeran iruditzen zait, baina zeuen gustu pertsonalen iragazkitik pasa behar duzue guztia. Ni hobeto ezagutzeko neure burua aurkezteko lerro batzuk idaztea izango litzateke bidezkoena baina, ez naiz batere trebea hori egiten beraz, gehien maite dudanari helduko diot eta kito: Kronikako lagunek oparitu didaten txoko honetan, hilero, film, telesail zein dokumental gomendioak zuekin partekatzea, ikusitako onena aletuko dut, baina baita gustatu ez zaidana ere noski. Jarraian azken asteotako ikus-entzunezkoen errepasoa.
Filmak
Gau Beltza igaro zen eta badirudi jada ezin direla beldurrezko gomendioak egin. Aurtengo Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean gailendu diren bi filmak aipatu nahi nituzke. Caye Casas katalanaren La mesita del comedor eta Demian Rugna argentinarraren Cuando acecha la maldad pelikulek ex aequo lortu baitute film luzerik onenaren ikusleen saria. Lehena ez zait gustatu, bereganatu dituen iritzi positiboak gehiegizkoak iruditzen zaizkit. Film labur batean azaldu zitekeen istorioa iruditu zait eta pertsonaiak zein aktoreak ez ditut inondik inora sinetsi. Bigarrena aldiz, Cuando acecha la maldad, bereziagoa iruditu zait. Beldurrezko zinema maite dutenentzat opari iluna, deserosoa eta basatia. Hainbeste maite dudan beldurraren leihoa itxi aurretik aipamen berezia sareak sutan jarri dituen Skinamarink proposamen deskribaezinari. Aurkako eta aldeko iritzi sutsuak piztu dituen beldurrezko filma da – Filminen ikusgai dagoena-. Onerako zein txarrerako zin dagizut gutxitan ikusi duzula horrelako pelikularik. Niri esperientzia gisa gustatu zait, oso aztoragarria da eta lortu duten atmosfera zapaltzailea da, baina ez dakit birritan ikusiko nukeen.
Telesailak
Pantaila txikian ere mugimendu bizia egon da azken boladan. Bereziki gozatu ditudan bi telesail iruzkintzen hasiko naiz, baina ohartarazten dizut oso azaletik aipatuko ditudala, protagonismo osoa hirugarrengo bati eskaini nahi diodalako. Lehenengoa Blue Lights telesail irlandarra da. Belfasten lan egiten duten polizia hasiberri batzuen egunerokoa islatzen duen istorioa da. «Hiri horretan polizia izateak dakartzan presio eta arriskuak erakusten dituena» dio sinopsiak. Gomendatzen dudan telesaila da, oso gustura ikusi dut, entretenigarria da, bizia, aktoreak bikainak dira eta oro har primerako ekoizpen lana iruditzen baitzait. Trabarik handiena? Poliziak diren zenbait pertsonaiekin -ez guztiekin- loturarik ez dudala sentitu. Netflixen ikusgai dagoen Bodies ere txukuna iruditu zait. Lau garai desberdinetan bizi diren lau detektibek -1890, 1941, 2023 eta 2053- hildako baten gorpu bera aurkitu dute Londresko Whitechapel auzoan. Berehala ohartuko dira euren ikerketa lana 150 urtez gaindiko konspirazio misteriotsu baten erdigunean dagoela.
Baina guztien gainetik nabarmendu nahiko nukeena La Mesias da. Argi eta garbi esango dizuet: Espainian inoiz egin duten telesailik onenetarikoa da. Zazpi ataletan banatutako telesail honen hasieran, Enric eta Irene ezagutuko ditugu, elkarren artean harremanik ez duten neba-arrebak. Harreman hori etetearen arrazoia apurka deskubritzen joango gara, baina iragan traumatiko eta ilun bati lotua dagoela aurreratzen dizuet. Hiru hamarkada baino gehiagotan hedatzen den istorioa da, baina betiere bi pertsonaia nagusi horien begiradatik azaldua. Thriller familiarra, drama, beldurra eta komedia apur bat uztartzen dituen proposamen deserosoa eta xurgatzailea da, su motelean prestatua. Algoritmoen garaiotan non guztia erritmo frenetikoan kontsumitzera behartzen gaituzten eta ikus-entzunezko lengoaia ere modu horretan eraikia dagoen -adimen artifizial batek sortua izan balitz bezala-, zenbat eskertzen ditudan honelako proposamen ausart eta desberdinak.
Dokumentalak
Zenbat gustuko ditudan dokumentalak eta publiko orokorraren eremuan zeinen gutxietsiak dauden oraindik. Gehiegi luzatu gabe gomendio zerrenda bat proposatuko dizuet: True Crime generoa maite baduzu, Last Stop Larrimah, Carles Porta handiaren Luz en la oscuridad eta Der Fall Jens Söring nabarmenduko nituzke. Aukeratzen dituzunak aldiz kirol munduan girotzen diren lanak badira, baina kirolaren argi-ilunak erakusten dituztenak, Netflixen dauden Beckham eta The Deepest Breath bereziki interesgarriak iruditu zaizkit. Lehenengoan, Manchester United taldean futbolean jokatzen hasi zenetik gaur egun arte zehaztasunez azaltzen du guztia, baina ez da soilik kirolean zentratzen: haurtzaroa, bizitza pertsonala, ospearen argi-ilunak, eskandalu mediatikoak eta, jakina, Victoria emaztearekin duen harremana ere azpimarratzen dira.. Bigarrena, oso hunkigarria iruditu zait. Apneako munduko txapelduna den Alessia Zecchini-ren istorio tragikoari buruzko dokumental zirraragarria da, urteko ezinbesteko horietakoa.
HERNANI ZINEKLUBA: Iritsi gara Hernani Zineklubaren bigarren saiora eta oraingoan beste film berezi bat aurkeztuko |