Emaitza txarren errenkada eten nahi du Hernanik Erroibideren kontra

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 11a, 00:00

Bolada txarra etetea da hernaniarren nahia.

Lau partidu jarraian galdu dituzte hernaniarrek, eta etxean jokatuko dute gaur arratsaldean.

Etxera itzuliko da gaur Hernaniko 2. mailako saskibaloi taldea. Taldeak lau jardunaldi daramatza garaipenik lortu gabe, eta sailkapenaren behealdean dago. Partiduak lehiatzen ari da Hernani, baina kosta egiten zaio azken laurdenera indarrarekin iristea, eta partidu askok egin die ihes azken minutuetan. 

Gaurkoan, arratsaldeko 16:00etan, Erroibideren kontra jokatuko dute. Irundarrek ez dute askoz ere hobeto hasi liga. Hernanik baino garaipen bat gehiago du Erroibidek; 2 garaipen eta 3 porrot jaso ditu lehenengo 5 jardunaldietan.

Partidu lehiatua izatea espero da, eta gaurkoan irabazten duenak aurrerapauso garrantzitsua emango du aurkari zuzen baten kontra. 

 

Etxetik kanpo arituko dira Mundarroko taldeak

Donostiako Paco Yoldi kiroldegian jokatuko du Mundarroko 1go mailako taldeak. Askatuak taldea izango dute aurrean, eta bi porrot garraian jaso ondoren, garaipena lortzea garrantzitsua izango da moreentzat. Donostiarrak sailkapeneko azken postuan daude, jokatutako bost partiduak galdu dituzte, eta konfiantza gutxirekin iritsiko dira gaur arratsaldeko partidura. Mundarrok horixe baliatu nahi du sailkapenean gora egiteko. Norgehiagoka arratsaldeko 20:00etan hasiko da. 

2. mailako taldeak, aldiz, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatuko du gaur, 20:30etan hasita. Hernaniren kontrako derbian lortutako garaipenari jarraipena eman nahi dio taldeak, nahiz eta gogorra izango den gaurko proba. Talde sendoa dute zarauztarrek, sailkapeneko hirugarren postuan daude, eta ondo lehiatzen dituzte partiduak. Hala ere, aurreko asteburuan porrot gogorra jaso zuen Elorri aldapa liderraren aurka (81-53), eta aho zapore txarra kentzeko gogoz aterako dira kantxara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!