Etxean jokatuko dute gaur Hernaniko futbol talde nagusiek, eta Orion arituko da bihar Mundarro

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 11a, 00:00

Etxetik kanpo lortutako garaipenari jarraipena eman nahi dio Hernanik.

Eibarren aurka jokatuko du Ohorezko Erregional mailako taldeak (gaur 16:00), San Ignacioren kontra Euskal Ligako neskek (gaur 18:15) eta Oriokoren zelaia bisitatuko du Mundarrok (bihar 16:30).  

Jardunaldi berri bati egingo diote aurre asteburu honetan bailarako futbol talde nagusiek. Etxean jokatuko dute Hernaniko taldeek, eta Orion arituko da Mundarro. 

Gaur arratsaldean jokatuko dituzte hiru partiduak, eta Ohorezko Erregional mailako taldea izango da goiztiarrena. 16:00etan hasiko da Hernaniren eta Eibarren arteko partidua, Zubipen. Kategoriako talde sendoenetako baten aurka jokatuko du Hernanik, eta Deustoren etxean lortutako garaipenari jarraipena ematea izango da asmoa. Denboraldi hasiera gorabeheratsua izan dute berdeek, eta aurkari gogor bati irabazteak konfiantza gehituko lioke taldeari. 

Eibarrek modu ikusgarrian hasi zuen denboraldia, lehenengo sei partiduak irabazita. Hala ere, bolada txarragoan igaro ditu azken lau jardunaldiak, garaipen bat, berdinketa bat eta bi porrot jasota. 

Norgehiagoka hori amaitzen denean hasiko da Euskal Ligako nesken partidua, arratsaldeko 18:15etan. Hernaniren eta San Ignacioren arteko lehia ikusi ahal izango da Zubipeko berdegunean, eta orain arteko emaitzei erreparatuta, partidu estua eta gogorra izatea da aurreikuspena. Bi taldeek dituzte 17 puntu, eta oso antzekoa dute sartutako eta jasotako gol kopurua; hala, sailkapeneko seigarren postuan dago Hernani, eta bosgarrenean San Ignacio. 

Hernanik gaurkoan alde izango du afizioa, eta etxekoen babesa baliatu nahi dute jokalariek. Orain arte etxean ez du porrotik jaso Hernanik, eta horri jarraipena ematea da helburuetako bat. Alabaina, San Ignaciok ere ez du porrot bat bera ere jaso etxetik kanpo jokatu dituen partiduetan.  

 

Orioko izango da Mundarroren aurkaria

Mendibeltz zelaian jokatuko du bihar Mundarrok, Oriokoren kontra. Bi garaipen segidan lortu dituzte moreek, eta sailkapenaren goialdean daude. Oriokok ondo hasi zuen denboraldia, baina azken jardunaldietan kostatzen ari zaio garaipenak kateatzea. 16:30etan hasiko da partidua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!