Ilusioz betetako 20 kilometro egingo dituzte bihar 30.000 lagunek, Behobiatik Donostiara

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 11a, 00:00
Jendetza gerturatu ohi da urtero, lasterketara.

Bihar goizeko 09:30etan abiatuko dira Behobiatik gurpildun aulkietan doazenak; eta patinatzaileak, berriz, 09:35etan. Segidan, eliteko emakumeak aterako dira irteeratik 09:55etan, eta bost minutura, korrikalariak.

Urduritasuna, irrika, eta ilusioa izango dira nagusi bihar, etxeko lasterketa magikoa osatuko baitute korrikalari gipuzkoarrek. 30.000 lagunek bizituko dute Behobia-Donostia barrutik, eta noski, horien artean izango dira Urumea bailarako dozenaka herritar, 20 kilometroko ibilbidea osatuz. Iaz, bailarako 217 korrikalarik hartu zuten parte. Aurtengoa 58. edizioa izango da, eta lasterketa egunean, 16 urte duen edonork hartu dezake parte, Federazioaren zigorrik izan ezean. 

Bihar, goizeko 09:30etan abiatuko dira Behobiatik gurpildun aulkietan doazenak; horiek izango dira lasterketako aurrenekoak.  Eta patinatzaileak, berriz, bost minutu beranduago aterako dira irteeratik, 9:35etan, hain zuzen ere. Patinatzaileen helmuga 10:55etan itxiko dute, Boulevardean. Kaskoa jarrita eramatea ezinbestekoa dela ere gogorarazi nahi izan dute antolatzaileek. 

Lasterketaren perfila. Irudia: 'Behobia-sansebastian.com'
 

Segidan, lekukoa hartuko dute, korrikalariek. Eta aurrena, eliteko emakumezkoak aterako dira, 09:55etan, eta bost minutura, korrikalariak irtengo dira Behobiatik. Hortik aurrera, multzoka aterako dira, kolore ezberdinetako dortsalekin, bakoitza dagokion orduan. 11:30etan abiatuko da azkeneko multzoa Behobiatik. Korrikalariek guztira 19 irteera talde osatuko dituzte dortsalean agertzen den informazioaren arabera, eta antolatzaileek ondorengoa azpimarratu dute: «dortsalean ageri den orduaren aurretik irteera hartzen duena, sailkapenetik kanporatuta izango da». Aldiz, ordua baina beranduago abiatzen den korrikalariei, ez zaie inolako zigorrik ezarriko.   

Behobiatik Donostiara, 20 kilometro egingo dituzte, azkeneko urteotako ibilbidearekin: Behobia, Irun, Gaintxurizketa, Errenteria, Pasai Antxo, Herrera, eta Mirakruz, Bulebarreko helmugara iristeko. Kanpotik etorritako, zein bertako asko izango dira lasterketa barrutik bizituko dutenak, eta are gehiago, errepide bazterrean egongo direnak etengabe animoak ematen. Behobia-Donostia lasterketak horixe baitu ezaugarri nagusietako bat: ibilbide osoan zehar dagoen giroa.

Lasterketan zehar, edari postuak egongo dira irteeran, eta ondorengo kilometroetan: 1, 8; 5, 8; 9,5; 11, 9; 14; 15, 5; 17, 8 eta helmugan. Osasun postu finkoak egongo dira, berriz, 8, 10 ,15, 18, 19,5 eta 20 kilometroetan. Eta mediku asistentzia eskainiko dute Gurutze Gorriak, Osakidetzak, DYAk eta SOS Deiakek, koordinatuta. Antolatzaileek azaldu dute izena eman duten lasterketariek istripu aseguru bat izango dutela, lasterketan zehar izan dezaketen istripuen asistentzia babesten duena, hain zuzen. 

Lasterketaren denbora maximoa ere ezarri dute antolatzaileek: norberaren irteera kontutan izanik, gehienez 2 ordu eta 35 minututan egin ahal izango da lasterketa: «denbora baino beranduago iristen diren korrikalariek lasterketatik erretiratu beharko dute». Eta hala egin ezean, antolakundeak ez du inolako erantzukizunik hartuko bere gain. 

Korrikalarientzat autobus lanzaderak ere jarriko dituzte, ohi moduan, DBUSek zerbitzu berezia eskainiz, Anoetako udal kiroldegira eta aparkalekura, Askatasun Hiribidea 14tik.  

Behobia-San Sebastian lasterketako ibilbidea. Irudia: 'behobia-sansebastian.com'.

 

B/SS Puntuak

a) Irteera
b) Irun
c) Bentak
d) Gaintxurizketa
e) Lintzirin
f) Errenteria
g) Kaputxinos
h) Pasaia
i) Mirakruz Gaina
j) Gros
k) Helmuga

 

Bidali argazkiak, Kronikara! 

Bihar korrikalariak animatzera joateko asmotan zara? Hala bada, bidali eguneko argazkiak kronika@kronika.eusera, edota 688 660 714 zenbakira whatsappa bidalita! Txoko berezia eskainiko baitiogu datorren astearteko alean; eta bertan argitaratuko ditugu bidalitako argazkiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!