Jokoan zeuden puntu guztiak lortu dituzte hiru futbol talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 7a, 00:00
Emaitza onei esker, hirugarren postura igo da Mundarro.

Etxean irabazi zuen Mundarrok, eta etxetik kanpo lortu zuten garaipena Hernaniko bi talde nagusiek.

Asteburu borobila izan da bailarako futbol talde nagusientzat. Etxean zein kanpoan, bikain aritu dira hiru taldeak, eta jokoan zeuden puntuak gehitzea lortu dute. 

Mundarro izan da etxean jokatu duen talde bakarra. Moreek jarraipena eman diote Lengokoaken aurka lortutako garaipen garrantzitsuari, Axular 1-0 mendean hartuta. Gogorra izan zen partidua, baina markagailuan aurreratu ondoren sendo jokatu zuten astigartarrek, eta defentsa lan onari esker lortu zuten hiru puntuak etxean geratzea. Garaipen honekin aurrerapauso haundia eman du Mundarrok, sailkapeneko hirugarren postuan jarri baitira 15 punturekin. Asteburu honetan Oriokoren aurka jokatuko du, Orion.

 Etxetik kanpo nagusi, Hernaniko taldeak

Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak puntuak pilatzen jarraitzen du. Aranbizkarraren aurka jokatu zuten larunbatean, eta 0-2 nagusitu ziren Enireren eta Juneren golei esker. Dinamika bikainean jarraitzen du taldeak, bikain ari dira lehiatzen kategoria berrian, eta seigarren postuan daude une honetan. Aste honetan Zubipera itzuliko da taldea, eta puntu kopuru bera duen San Ignacio taldea izango dute aurkari. 

Gizonezkoen taldeak ere ez zuen hutsik egin. Deustoren aurkako partiduan 0-1 irabaztea lortu zuten, Xabat Etxandiren gola baliatuta. Jarraian jasotako bi porroten ondoren, haize pixka bat hartzeko balio dio garaipenak Hernaniri, eta horri eutsi nahi dio taldeak datozen jardunaldiei aurre egiteko. Asteburu honetan kategoriako talde gogorrenetako baten aurka jokatuko dute; Eibar izango da berdeen aurkaria.

 
PAPELERA ZIKUÑAGATXAPELKETA

Jardunaldi honetan gizonezkoen Ohorezko Kadeteak eskuratu du Papelera Zikuñaga Txapelketako puntua. Realaren aurka jokatu zuten Zubietan;

halako taldeen aurkako neurketa batek dituen zailtasunak jakinak dira denontzat, baina horren aurrean ez zen kikildu Hernani eta 0-1eko gola eskuratu zuten partida hasi eta berehala. Ondoren, Realak berdindu egin zuen, baina Ibairen 2. gol bati esker Zubietatik hiru puntuak etxeratzea lortu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!