Antortxekin gaua argituta, hilerria bisitatuta eta beldurrak sutara botata, ederra izan da aurtengo Gau Beltza

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 4a, 00:00
Kandelak hartuta, herriko kaleetan barrena ibili ziren goizuetar txikiak, Gau Beltzean. Argazkia: Felix Loiarte.

Gau Beltzean murgildu ziren Urumea bailarako herritarrak, urriaren 31n. Makina bat jarduera antolatu zituzten Hernanin, Astigarragan, eta baita Goizuetan ere.

Dobera Euskera Elkarteak, egitarau iluna bezain oparoa prestatu zuen etxeko txikien gozamenerako. Kalabaza misteriotsuaren bila jardun ziren denak aurrena, eta jolasa amaituta, antortxak hartuta hilerrira abiatu ziren, eta sutara bota zituzten idatzitako beldur guztiak. Portu auzoan ere Gau Beltza ospatu zuten talo tailerrarekin eta txokolatadarekin. Zikuñagako auzotarrek, berriz, azaroaren 1ean, 'Zikuñagako Halloween labirintoa'n hartu zuten parte, eta beldur oihuak entzuten hainbat kilometrotara ere.

Astigartarrek ere hilerria bisitatzeko parada izan zuten, kalejira baten bueltan, eta gau iluna argitu zuten antortxekin. Eta Goizuetan ere Gau Beltza ospatu zuten: Herriko kaleetan barrena ibili ziren kandelak eskuetan zituztela, eta goizuetarrek ere beldurrak eta kezkak erre zituzten sutan. Ospakizuna borobiltzeko, merezitako gaztain erreak jan zituzten.

Erlazionatuak

Gau Beltza Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023 aza 04 Hernani

Gau Beltza Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2023 aza 04 Astigarraga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!