«Eskualdean burutzen diren ekimen pribatuak lagunduak izango dira, Leader programarekin»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 4a, 00:00

Helene Del Rio Beterri-Buruntzako Mankomunitateko zuzendaria eta Mikel Zendoia Behemendiko arduraduna, atzo Biterin.

Beterri-Buruntzako landa gunerako hurrengo urteetarako indarrean egongo da Leader programa, eta proiektuak aurkezteko epea azaroaren 14ra artekoa da, euskadi.eusen sartuta.  

Atzo goizean, Beterri-Buruntzako landa gunerako hurrengo urteetan indarrean egongo den Leader programaren berri eman zuten Biterin, Mikel Zendoia Behemendiko arduradunak eta Helene Del Rio Beterri-Buruntzako Mankomunitateko zuzendariak.  

Aurkeztu zuten Leader programa honek, eskualdean burutzen diren ekimen pribatuak lagunduak izango dira, «bereziki programaren izaerarekin bat egiten badute», azaldu zuen Zendoiak. Jarraian, Behemendiko zuzendariak azaldu zuen, 2023-2027 programa honek ondorengo erronkak erantzun nahi dituela: «belaunaldien arteko txandaketa eta landa eremuko biztanleriari eustea». Eta segidan, proiektuaren xede-neurriak zeintzuk diren zerrendatu zituen, zenbait adibide emanez: «batetik daukagu ekintzailetzarako eta barne-ekintzailetzarako neurria; gero dago, nekazaritzakoak ez diren enpresatan eta nekazaritza dibertsifikazioan inbertsioak egiten laguntzeko neurria, esaterako, arkitektura bulego bat eraikitzea edo sortzea, baserrian bertan; hirugarrena da, besteen kontura kontratatzeko neurria, adibidez, enpresa bat sortu eta langileak kontratatzeko dirua behar denean; eta azkenik, dago guneak gaitzeko neurria». Zendoiak azaldu zuen aurreneko bi xede-neurriak pribatuetarako bideratuta daudela, eta aldiz azkena, erakunde publikoentzako bideratu dela.

Leader programara aurkeztu daitezkeen proiektu motak ere zehaztu zituzten, eta bi motatakoak dira: alde batetik daude, landa eremuarekin bat datozen jarduerak, hala nola, nekazalturismoak, landetxeak, natur baliabideekin bat datozen jarduerak, nekazariek sustatutako turismo jarduerak eta nekazarientzako zerbitzuak; eta bestetik daude, guneak gaitzeko neurriarekin bat datozen jarduerak, hala nola,  nekazaritza trebatzeko guneak edota landa auzoetako bizi kalitatea bermatzeko zerbitzuak, izan ostalaritza, denda...

 

Proiektuak aurkezteko epea, azaroaren 14ra arte

Urriaren 31n publikatu zen deialdia Mendineteko webgunean, eta horrenbestez, proiektuak aurkezteko epea azaroaren 14ra arte izango da. Eskaera guztiak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta: 'euskadi.eus'.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!