«Herritik jasotzen duguna herritarrei itzultzeko baliagarria da dirulaguntza hau»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 4a, 00:00
Azaroaren 30era arte mantenduko dute zabalik eskaera egiteko epea.

Hernaniko Totem kooperatibak zabalik dauka interes publikoko helburuetara bideratzen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea. Hala, kooperatibako kideek laguntzen xehetasunak eta nondik norakoak azaldu dizkiote Kronikari. 

Zertan datza dirulaguntza hau?

Kooperatibatik ateratzen den diru partida bat da. Enpresek herriari esker funtzionatzen dute, asko jasotzen dugu bertatik, eta emandako guztia itzultzeko modu bat izan daiteke. Herriarekin lotzen ditugu interes publikoa duten proiektuak edota kultur ekimenak, eta bide horretatik gizartea eta enpresa lotzeko baliagarria da. 

Kooperatiba guztiek eman behar dute kopuru jakin bat, ezta?

Bai, hori da. Enpresak kooperatiba izaera hartzen duenean gizarteari dedikatu behar dio zati bat. Aukera zabala izaten da laguntza eskaintzeko; izan daiteke beste kooperatiba batzuk sortzeko, izan daiteke kultur edo kirol arloan dabilen talde bati laguntzeko, euskalgintzan dabiltzan eragileei laguntzeko... Gure kasuan bilatzen dugu irabazi asmorik gabeko erakundeak izatea. Iruditzen zaigu gisa horretako proiektuetara dirua bideratzeak denok aberastuko gaituela, gizartea bera garatuko delako. 

Eskaera egiteko baldintza jakin batzuk behar dira... 

Hala da. Kooperatiba bakoitzak ezartzen ditu egokiak iruditzen zaizkion baldintzak. Esan dudan modura, guk lehentasuna ematen diogu irabazi asmorik gabeko proiektua izateari. Horrez gain, hiru baldintza jarri ditugu deialdian: kooperatiben arteko harremanak sustatzea; hezkuntza, kultura, lanbidea eta laguntza sustatzea eta kooperatibismoaren ezaugarriak zabaltzea; eta euskeraren erabilera sustatzea.

Baldintza horiek betetzen dituzten eskaera guztiek jasotzen dute laguntza?

Bai. Jasotzen dugun eskaera kopuruaren arabera gehiago edo gutxiago jasoko du proiektu bakoitzak. 

Zein motatako proiektuek jaso ohi dute dirulaguntza hau?

Gu mendiko materiala egiten duen enpresa bat gara; beraz, orain arte mendiko proiektuak gauzatzen dituzten elkarteek egin dituzte eskaera gehienak. Mendi lasterketa bat antolatzeko, eskaladarekin lotutako jarduerak egiteko, mendizale taldeen egitaraua osatzeko... Mendiarekin lotura dute gehienek. Hala ere, urteren batean musikari taldeen edo euskalgintzan dabiltzan elkarteen eskaerak ere jaso ditugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!