Egoera eta bolada ezberdinetan egingo diote aurre jardunaldi berriari bailarako futbol talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 4a, 00:00

Etxean jokatzearen abantaila baliatu nahi du Mundarrok.

Aurreko asteko garaipenari jarraipena emateko asmotan zelairatuko da Mundarro, baita Hernaniko Euskal Ligako nesken taldea ere; Ohorezko Erregional mailako taldea, berriz, bolada txarra iraultzeko intentzioarekin. 

Asteburu honetan Mundarro izango da etxean jokatuko duen bailarako futbol talde nagusi bakarra. Gaur arratsaldean jokatuko dute moreek zortzigarren jardunaldiari dagokion partidua, arratsaldeko 16:00etan hasita, Axularren aurka. Etxetik kanpo irabaztetik datoz astigartarrak, ondo jokatu zuten Usurbilen aurka, eta egindako lanari jarraipena eman nahi diote Zarkumendegin. Gaurko aurkaria sailkapeneko azken sailkatua izango da; Axularrek oraindik ez du partidurik irabazi, eta gol gutxien sartu dituen taldea da (6). 

Hernaniko taldeei dagokienez, Gasteizen jokatuko du emakumezkoen Euskal Ligako taldeak. Pasa den asteburuko emaitza ikusgarriaren ondoren, partidu guztiak galdu dituen Aranbizkarra taldearen aurka jokatuko dute. 8 jardunalditan 41 gol jaso dituzte arabarrek, eta defentsan dituzten arazoak baliatzen saiatuko dira Hernaniko aurrelariak. Partidua arratsaldeko 18:00etan hasiko da. 

Ohorezko Erregional mailako mutilek, berriz, bihar goizean jokatuko dute. Asteazkeneko porrotaren ondoren, haize pixka bat emango dion garaipena bilatuko dute Zubietan. Liga ez du nahi bezala hasi Hernanik eta dexente kostatzen ari zaio erregulartasuna lortzea; orain arte, 9 jardunaldi jokatuta, 3 garaipen, 3 berdinketa eta 3 porrot jaso ditu. Biharko partiduan Deusto izango da berdeen aurkaria; donostiarrek 4 porrot jaso dituzte azken 5 partiduetan, eta sailkapenaren beheko postuetan hasi dute denboraldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!