Gipuzkoako Txapelketako azken fasera sailkatzeko partidu erabakigarria jokatuko dute gaur Jarak eta Altunak, Orion

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 4a, 00:00

Jon Jarak Josu Altunarekin batera jokatuko du gaurko partidu erabakigarria.

Orioko Aranburu-Albeniz bikoteari 3 puntuko aldearekin irabazi ezkero, azken fasea jokatzeko sailkatuko dira Jon Jara eta Josu Altuna. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da partidua.

Partidu asko jokatuko dituzte CD Hernaniko pelotariek asteburu honetan. 33 norgehiagoka izango dira maila guztien artean, eta partidu garrantzitsu batzuk tarteko. 

Erabakigarria izango da gaurko partidua Jon Jara eta Josu Altuna seniorrentzat. Gipuzkoako Txapelketako 3. mailan lehiatzen ari da Hernaniko bikotea, eta gaur jokatuko dute sailkapen faseko azken partidua, Orion, Aranburu-Albeniz bikotearen aurka. 

Sailkapena lortzea ez da erraza izango hernaniarrentzat; izan ere, ez dute nahikoa izango partidua irabaztearekin. Tanto diferentzia ere begiratu beharko dute, eta gutxienez 3 puntuko aldearekin irabazi behar dute partidua txapelketaren azken fasea jokatu ahal izateko. 19:30etan hasiko da norgehiagoka. 

Finaletik kanpo geratu da Exposito

Promozioko lau t'erdikoan, asteazkenean jokatu zuen finalerdia Hodei Exposito astigartarrak. Expositok ez zuen partidua hasi bezain ondo amaitu, eta 22-21 galduta Egigurenek lortu zuen finalerako txartela. 

Hiru pala partidu jokatuko dira asteburuan

Palan binakako Gipuzkoako Txapelketako partiduak jokatuko dira asteburu honetan. Gaur goizean, 11:00etan hasita, Ikaztegietan jokatuko dute Iriondok eta Tolaretxipik, Intxurreren aurka. Bihar nagusien eta jubenilen partiduak jokatuko dira Hernaniko pelotalekuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!