Dobera-Kronikak bat egin du larunbateko manifestazioarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 1a, 00:00

AEKk autobusa antolatu du Bilbora: 15:10etan aterako da Hernanitik eta 15:25etan Astigarragatik.

Euskeraren aurrerabideen kontra izan diren epaiak salatzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa deitu zuen azaroaren 4rako, 17:00etan Bilbon; eta horrekin bat egin dute Dobera Euskara Elkarteak eta Kronikak. 

«Herritarren eskubideak erdigunean jartzeko, larunbatean Bilbora joateko deialdira gonbidatzen ditugu euskaltzale guztiak, euskeraren normalizazioa oztopatzeak milaka herritarren hizkuntza eskubideak zapaltzen dituelako», diote antolatzaileek.

Guztion indarra behar da azaroaren 4an, larunbat honetan, euskeraren kontrako oldarraldiari erantzun sendoa emateko. «Azkenaldian auzitegietatik areagotu egin dira euskeraren sustapenerako eta normalizaziorako hainbat neurriren aurkako sententziak. Argi dago ez direla sententzia bakanak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko oldarraldi bat».

 

Manifestaziora joateko autobusa antolatu dute Hernanitik eta Astigarragatik

Manifestaziora joateko, autobusak izango dira Hernanitik eta Astigarragatik. Hernanin, arratsaldeko 15:10etan izango da irteera, Atsegindegitik; eta Astigarragan, 15:25etan Pilotari kaleko biribilgunetik. Itzulera 19:30etan izango da. Txartelak salgai daude, 15 euroan, Astigarragako, Hernaniko eta Urnietako AEKn. Informazio gehiagorako, deitu 607 59 28 64 telefonora.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!