Hildakoak gogoratzeko, lorez beteko dira gaur hilerriak, eta elizkizunak ere izango dira

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 1a, 00:00
Hernaniko hilerrian, gaurko egunez bildu ohi da jende gehien.

Urumea bailarako herri guztietan egingo dituzte mezak eta lore eskaintzak gaurkoan, elizetan eta hilerrietan, Santu Guztien Egunez.

Santu Guztien Eguna da gaurkoa, hildakoak gogoratzeko eguna. Asko eta asko izango dira bailarako hilerrietara jo eta hildako senide eta lagunei lore eskaintza egingo dieten herritarrak.

Horrekin batera, ohi bezala, elizkizunak ere izango dira, Urumea bailarako herri guztietan, hildakoen alde. Hernanin, hiru elizetan egingo dute Santu Guztien Eguneko ospakizuna: Agustinetan, goizeko 09:30etan; Floridako San Jose Langilean, 11:00etan; eta San Joan Bataiatzailea parrokian, eguerdiko 12:00etan. Ereñotzuko San Antonio elizan, berriz, 10:00etan egingo dute meza.

Astigarragan, ohikoa den be­zala, hilerrian egingo dute azaroaren meza, goizeko 10:00etan. Aranoko San Martin parrokian, bestalde, hildakoak gogoratzeko elizkizuna 11:00etan hasiko da. Eta Goizuetan, azkenik, eguerdiko 12:30etan izango da meza, Andra Mari elizan. Gainera, Madalenako ermita ere zabalik egongo da gaurko egunez, bertaratu nahi dutenentzat.

Biharkoa, berriz, Hildakoen Egu­na izango da; eta egun horretan, hiru elizkizun izango dira Urumea bailaran. Astigarragako Andre Maria elizan, goizeko 11:00etan jarri dute horretarako hitzordua. Hernanin, aldiz, bi elizatan eskainiko dute meza: Agustinetan aurrena, goizeko 09:00etan hasita; eta San Joan Bataiatzailean ondoren, arratsaldeko 19:00etan.

 

Laberintoa gaur, Zikuñagan

Gaur bertan, urtero bezala, Zikuñagako Halloweeneko labe­rinto ilunean murgiltzeko au­ke­ra izango dute herritarrek. Aurrena, 16:00etatik 17:00etara, 8 urte arteko haurrentzat irekiko dituzte laberintoko ateak; eta ondoren, 17:30etatik aurrera, gainerakoen txanda izango da. 

Laberintoan sartzeko, beharrezkoa da mozorrotuta joatea. Urtero biltzen da jende asko, eta ilara luzea osatu ohi da, entzute haundia lortu baitu. Garaiz joatea komeni, badaezpada...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!