Elizkizunak izango dira bailarako elizetan bihar, Santu Guztien Egunez

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 00:00
Astigarragan, ohi bezala, hilerrian egingo dute Santu Guztien Eguneko meza.

Urumeako herri guztietan egingo dituzte mezak eta lore eskaintzak hilerrietan, egun seinalatuan.

Santu Guztien Eguna da biharkoa, hildakoak gogoratzeko eguna. Horrela, ohi bezala, asko eta asko izango dira bailarako hilerrietara jo eta hildako senide eta lagunei lore eskaintza egingo dieten herritarrak.

Horrekin batera, elizkizunak ere izango dira, Urumea bailarako herri guztietan, hildakoen alde. Hernanin, hiru elizetan egingo dute ospakizuna: Agustinetan goizeko 09:30etan, Floridako San Jose Langilean 11:00etan, eta San Joan Bataiatzailea parrokian eguerdiko 12:00etan. Ereñotzuko San Antonio elizan, berriz, 10:00etan egingo dute meza.

Astigarragan, ohi bezala, hilerrian egingo dute Santu Guztien Eguneko meza, goizeko 10:00etan.

Eguerdiko 12:30etan izango da Goizuetako Andra Mari elizako elizkizuna, eta Madalenako ermita ere zabalik egongo da biharko egunez, bertaratu nahi dutenentzat.

Etzikoa, berriz, Hildakoen Egu­na izango da; eta egun horretan, hiru elizkizun izango dira Urumea bailaran. Astigarragako Andre Maria elizan, goizeko 11:00etan jarri dute horretarako hitzordua. Hernanin, aldiz, bi elizatan eskainiko dute meza: Agustinetan aurrena, goizeko 09:00etan hasita; eta San Joan Bataiatzailean ondoren, arratsaldeko 19:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!