Porrota jaso dute asteburuan bailarako saskibaloi talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 00:00

Garaipenak pilatzea kostatzen ari zaie denboraldi hasieran bailarako saskibaloi talde nagusiei. 

Asteburu txarra izan da bailarako saskibaloi talde nagusientzat. Hiru taldeek jaso dute porrota eta balantze kaxkarrarekin hasi dute denboraldia. 

Mundarroko neskek ezin izan zuten urteko lehenengo garaipena lortu. 41-49 galdu zuten etxean, Mondragon taldeak asko gogortu zuen partidua, eta 41-49 amaitu zen norgehiagoka. Egoera ez da ona astigartarrentzat, eta asteburu honetan Añorgaren aurka jokatuko dute. 

Gizonezkoen partidua ere ez zen nahi bezain ondo joan. Lezon jokatu zuten LezoSKT taldearen kontra, eta 49-44 emaitzarekin itzuli ziren Astigarragara. Lehenengo bost jardunaldiak jokatuta, balantze orekatuarekin dago Mundarro, 3 garaipen eta 2 porrot jasota. Hurrengo jardunaldian Donosti Dolphins izango dute aurkari, sailkapeneko bigarren taldea. 

Hernanik ezin izan zuen Elorri boteretsuaren aurka

Hernaniko lehenengo taldeak ere porrota jaso zuen etxean, Elorriren aurka 50-65 galduta. Lau partidutan garaipen 1 eta 3 porrot jaso ditu, eta balantze bera duen Mundarroko bigarren taldearen aurka jokatuko du asteburu honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!