Garaipen ikusgarria eskuratu zuten etxean Euskal Ligako neskek

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 00:00
Cesia izan zen partiduko golegileetako bat.

6-0 irabazi zuten Peña Athleticen aurka. Gizonezkoetan, galdu egin zuen Hernanik eta irabazi Mundarrok.

Sekulakoa egiten ari da Hernaniko emakumezkoen Euskal Ligako taldea. Orain arte emandako mailari eutsita, 6-0 irabaztea lortu zuen Santurtziko Peña Athletic bisitaria alor guztietan gaindituta. Partidu borobila osatu zuten Mikel Mancisidorrek gidatutako neskek, sendo aritu ziren defentsan eta erasoko jokaldiak bikain bukatu zituzten.  Cesia, Noa, Enire, Paula eta Malen izan ziren arratsaldeko golegileak, eta hiru puntuak gehituta zortzigarren postuan dago Hernani, 14 punturekin. 

Orain arteko errendimendua oso altua izaten ari da; etxean golik jaso gabe jarraitzen dute berdeek, eta sekulako erraztasuna dute golak egiteko. Asteburu honetan Aranbizkarra taldearen aurka jokatuko dute etxetik kanpo. Gasteiztarrek jokatutako partidu guztiak galdu dituzte, 8 jardunalditan 41 gol jasota.  

Ez zuten hain arratsalde oparoa izan Ohorezko Erregional mailako mutilek. Etxetik kanpo emaitza onik lortu gabe jarraitzen dute hernaniarrek; larunbatean 3-1 galdu zuten Aretxabaletaren kontra. Erregulartasuna falta zaie berdeei eta garaipenak kateatzea kostatzen ari zaie. Sailkapeneko zortzigarren postuan daude orain 12 punturekin, eta Bergararen aurka jokatuko dute asteburu honetan, Zubipen. 

Asteburu honetan gizonezkoen Erregional 1. mailako taldeak lortu du Papelera Zikuñaga Txapelketako puntua. 

PAPELERA ZIKUÑAGA TXAPELKETA

CD Hernaniko talde eredugarria hautatzeko Papelera Zikuñaga Txapelketa jarri dute martxan. Klubeko taldeen esfortzua, lana eta denboraldiko ekina baloratzea da barne lehiaketaren helburua. Jardunaldi bakoitzean talde batek lortuko du eredugarritasun puntua, eta urte amaieran puntu gehien dituenak irabaziko du. 

Irizpideak

1- CDHren balioak zelai barruan eta kanpoan erakustea. 

2- Egoera zailetan aurrera egiteko gaitasuna erakustea. 

3- Beste taldeekiko errespetua. 

4- Joko eta emaitza onak lortuta, hobe!

 

Garaipen ederra lortu zuen Mundarrok

Etxetik kanpo emaitza onak lortzen jarraitzen du Mundarrok. Usurbilen aurka bikain aritu ziren moreak, eta 0-2 irabaztea lortu zuten Haranen. Asteburuan Axularren aurka jokatuko dute Zarkumendegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!