Euskeraren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioa Bilbon

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 28a, 00:00
Hernaniko eragileek manifestaziora joateko deia egin zuten.

Astigarragako eta Hernaniko eragileek ere bat egin dute azaroaren 4an izango den manifestazioarekin.

Astigarragako eta Hernaniko eragileetako ordezkariek «kezka» agertu dute euskeraren biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sortaren aurrean. Horren aurrean, bat egin dute azaroaren 4an, Bilbon izango den manifestazioarekin. Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, «euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiaren» aurkako manifestazioa 17:00etan abiatuko da Euskalduna Jauregitik, Oldarraldiaren Aurrean, Euskararekin bat, euskaraz bat lelopean.

Hernanin eta Astigarragan ere «guztion indarra behar dugu azaroaren 4an euskararen kontrako oldarraldiari erantzun sendoa emateko. Azkenaldian auzitegietatik areagotu egin dira euskararen sustapenerako eta normalizaziorako hainbat neurriren aurkako sententziak. Argi dago ez direla sententzia bakanak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko oldarraldi bat», diote AEK-tik.

Adierazpenean agertzen denez: «Euskaldunon eskubide-urraketa larriak dira eta gure hizkuntza-eskubideak murriztu egiten dira halako auziekin. Azken erasoa EAEko udal legearen kontra izan da: euskararen normalizazioa sustatzeko hainbat tresna baliogabetu ditu epaiak. Ezin da euskara lehenetsi, ezin da euskara hutsez funtzionatu... Berdintasunaren izenean jarduten dute, baina nola hitz egin berdintasunaz?»

AEK-k dioenaren arabera: «Bi hizkuntza hegemonikoren mendean dago euskara, hizkuntza gutxitu bat da. Testuinguru hori oinarri, hizkuntza-eskubideez, berdintasunaz jardutea ez da zilegi; euskaldunon hizkuntza-eskubideez aritu behar dugu eta hizkuntza-politika ausartagoak egin behar dira arlo guztietan, beharra sustatzeko, espazioak irabazteko, herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko, euskara zerbitzu-hizkuntza eta laneko hizkuntza gisa normaltasunez erabiltzeko, bi hizkuntza ofizialen arteko benetako berdintasuna lortzeko, bizitzaren eremu guztietan euskararen erabilera sustatzeko...».

Deialdiaren arabera: «Berebiziko garrantzia du Astigarragako eta Hernaniko euskalgintza eta herritarrok ere oldarraldiaren aurrean euskararekin bat egiteak, euskaraz bat izateak. Azaroaren 4an denok Bilbora! Aski da! Denon artean egingo dugu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!