Beldurtu edo beldurrak erre, zuk erabaki nolako Gau Beltza bizi nahi duzun

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 28a, 00:00
Zikuñagako laberintoak arrakasta haundia izaten du eta jende asko hurbiltzen da.

Urriaren 31n, asteartean, ospatuko da Hernanin eta Portu auzoan, Goizuetan eta Astigarragan, baina aurretik Lizeagan Gau Beltza prestatu dute bihar. Astigarragan, tailerra eta informazioa izango dira gaur Erriberan. Azaroaren 1ean, Halloweeneko laberintoa izango da Zikuñagan.

Gau Beltzaren aurrean jarrera ezberdinak hartu daitezke. Alde batetik, mozorrotu eta jendea beldurtzeko prestatu daiteke edo bestetik, beldurrak erre daitezke. Ospakizuna berreskuratzeko bidean gero eta jende gehiagok hartzen du parte antolatzen diren ekimenetan eta gero eta leku gehiagotan antolatzen da Gau Beltza edo Arimen Gaua. Urumeako bailaran herri guztietan ospatzen da eta astearterako prestaketak hasi dira Hernanin eta Astigarragan.

Asteartean izango da gaurik ilunena, ikaragarriena eta neguko festei hasiera emango dien lehendabiziko ospakizuna. Eta ospakizun horren inguruko nondik norakoak jakiteko, aukera paregabea izango da gaur Astigarragan. Erriberan, 17:00etatik, aurrera janzkeraren inguruko tailerra eta informazio eskainiko dira. 

Txantxillako festen barruan, atzoko Arima Bihurriaren etorrera eta gero, gaur, arratsaldeak aurrera egin ahala, 19:00ak aldera, Arimen Kalejirak girotuko du auzoa, Hernaniko dultzaina taldekoen laguntzarekin. Ez da auzo bakarra izango Gau Beltza prestatu duena.

Bihar Lizeaga auzoan, Urumea ikastolan, Festa Iluna prestatu dute. Aurpegiak margotuko dituzte 16:00etatik 18:00etara, tartean txokolatada eta photocalla izango dira, baita mozorro lehiaketa ere. Eta azkenik, 18:00etatik aurrera Izuaren Ibilbidea osatuko da auzoan zehar. Beldurtzeko modukoa izango da.

 

Urriaren 31n, gaurik ilunena Urumea bailaran

Egun potoloa urriaren 31 izango da. Urumea bailarako zenbait elkarte, talde eta eragile batu dira Gau Beltzaren jaia eta ospakizuna antolatzeko Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan. Egitarau anitza zein entretenigarria prestatu dute astigartarrek, hernaniarrek, goizuetarrek eta aranoarrek, ohitura zaharrak berreskuratuz eta jaia berrasmatzen.

Arratsaldetik aurrera ikusiko dira, kaleetan zehar, aurreko egunetan prestaturiko jantziak. Beldurra zabaltzen ibiliko dira jantzien azpian dauden ume, gazte zein heldu.

Goizuetako, Astigarragako eta Hernaniko erdiguneetan prestatu dira hainbat ekitaldi, baina auzoetara ere iritsiko da Gau Beltza. Hernanin, Portuko auzo Elkarteak beraien egitaraua prestatu dute. Hernanin, Kalabaza misteriotsuaren bila jolasa antolatu du Doberak, kanposantura kalejira egin eta izuak sutara bota aurretik. Astigarragan, behin prestaketak amaituta, Foru Plazatik abiatuko dira hilerrira. Goizuetan txokolatada egingo dute, ibilbidea osatuko dute kandelekin, eta beldurrak eta kezkak sutan erreko dituzte.

Eta azaroaren 1ean, ase ez denak aukera paregabea du, arratsaldean, Zikuñagan prestatzen den laberintoan sartzeko.

HERNANI

TXANTXILLA GAU BELTZA

GAUR

19:00 Arimen Kalejira, Hernaniko dultzaineroekin..

LIZEAGAKO GAU BELTZA

BIHAR, URRIAK 29

16:00 Urumea Ikastolan.

16:00-18:00 Gau Beltzerako aurpegi margoketa.

17:00 Txokolatada eta photocall.

17:30 Mozorro lehiaketa.

18:00-20:30 Izuaren ibilbidea.

DOBERAKO GAU BELTZA

URRIAK 31

17:30 Kalabaza misteriotsuaren bila Atsegindegitik hasita. Aurrez izena eman behar da. 'www.dobera.eus'.

19:00 Plazatik kanposantura igoera herriko dultzaineroekin.

19:30 Bota zure izuak sutara! kanpusantuan.

20:00 Kanposantutik jaitsiera.

PORTUKO GAU BELTZA

URRIAK 31

18:00 Talo tailerra.

20:00 Txokolatada.

ASTIGARRAGA

GAUR

17:00 Gau beltzean nola jantzi tailerra eta informazioa Erribera kulturgunean.

URRIAK 31

17:30 Makilatzeko tailerra eta photocalla Foru Plazan.

19:00 Kanposanturako bidea elkarrekin Foru Plazatik abiatuta.

19:30 Gau Beltza kalejira kanposantutik abiatuta.

Bukaeran beldurren erretzea, koplak abestu eta mokadutxoa Foru Plazan.

GOIZUETA

URRIAK 31

18:30 Txokolatada.

19:30 Ibilaldia herritik barrena, kandelekin.

20:00 beldurrak eta kezkak sutan erretzea.

HALLOWEEN ZIKUÑAGAN

AZAROAK 1

16:00-17:00 8 urte arteko haurrentzat irekiko dira laberintoko ateak.

17:30 Beste guztientzat irekiko da.

Laberintoan sartzeko mozorrotuta joan behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!