Hirugarren tiraldia bihar Aian, Elur Txorik

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 28a, 00:00

Enrike Lopetegi, Aner Miner, Ibon Miner, Leandro Miner eta Fernando Gallego.

Tiraldi garrantzitsua izango du Elur Txorik, bihar goizean, Gipuzkoako Taldekako Txapelketan. Zarautz 1 taldearen kontra jokatuko du, Aiako bolatokian, 10:00etan hasita.

Torneoko hirugarren jardunaldiko partida izango da, eta lidertza daukate jokoan bi taldeek, aurreko bi jardunaldietan garaipena lortu ondoren. Hernaniarrak alde haundiarekin nagusitu ziren Zarautz 2 taldearen kontra, estreinakoan (13,5-2,5), eta are nabarmenagoa izan zen Herreraren kontra lortu zuten garaipena: 16-0 nagusitu ziren Fernando Gallego, Benito Loitegi, Fermin Zuloaga eta Patxi Loreak, txanda guztiak irabazita.

Une honetan, sei punturekin berdinduta daude Elur Txori eta Zarautz 1, eta beraiek dira semifinaletarako bi txartelak lortzeko faborito. Biharko tiraldian nagusitzen denak, ia ziurtatuta izango du pasea, oraindik beste hiru jardunaldi faltako diren arren.

 

Ur Miak tiraldia, atzo iluntzean

Atzo iluntzean jokatu zuen jardunaldi honetako partida, Ur Miak. Ostadarren kontra aritu zen, Ereñotzuko bolatokian. Aurreneko jardunaldian Ategorrieta menderatu eta bigarrenean atseden hartu ondoren, semifinaletara pasea ia ziurtatzeko aukera zuten ereñotzuarrek, irabaziz gero. Aner Miner, Ibon Miner, Mikel Arroio eta Joxe Mari Etxebeste aritu ziren, eta partida oraindik jokoan zegoen, erredakzioa ixteko momentuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!