Laugarren garaipenaren bila berdeak Zubipen, Peña Athleticen kontra

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 28a, 00:00
Hernani, Lakuaren kontra, Zubipen jokatutako aurreko partiduan.

16:30etan jokatuko du nesken Euskal Ligako taldeak, zaleen aurrean. Mutilek Aretxabaletan daukate hitzordua.

Ezustekoa ari da ematen Hernani, Euskal Ligara bueltatu den honetan: sei partidutik hiru irabazi, eta bakarra galdu du. Defentsako sendotasuna baliatu du horretarako, etxean bereziki: gol bakar bat ere ez du jaso Zubipen. Bide horretatik segi nahi dute berdeek gaur, denboraldiko laugarren garaipena lortzeko. Santurtziko Peña Athletic taldea hartuko dute, arratsaldeko 16:30etan hasiko den partiduan.

Lau punturekin, azkeneko postuetan dago talde bizkaitarra, eta galdu egin ditu etxetik kanpo jokatutako hiru partiduak. Gainera, gol gehien jasotzen dituzten taldeetako bat da. Hortaz, defentsako indarra mantenduta eta erasoan eraginkortasuna finduta, liga hasiera gozoari segida emateko moduan izan daitezke hernaniarrak. Une honetan zazpigarren daude sailkapenean, 11 punturekin.

Ohorezko Erregional mailako mutilek, berriz, Aretxabaletan jokatuko dute gaur, 16:30etan haiek ere, Ibarrako zelaian. Partidu gogorra daukate aurretik, ligako bigarren sailkatua baita Aretxabaleta, 16 punturekin. Joan den astean jaso zuen aurreneko porrota, Mutrikun. Hernaniarrek, aldiz, ez dute partidurik galdu aurreneko jardunaldiko porrot hartatik, eta gero eta sendotasun haundiagoa erakutsita, seigarren daude 12 punturekin. Ezustekoa emateko asmoz joango dira Debagoienera.

Mundarrok, bere aldetik, Usurbilen jokatuko du gaur, mutilen Erregional Preferenteko partidua. Arratsaldeko 15:30etan izango da hori, Haranen, Usurbilen kontra. Sailkapenean oso parekatuta daude bi taldeak, eta talde sendoa da usurbildarra, oraindik partidurik galdu ez duena: garaipen bat lortu du, eta bost berdinketa. Gorabeheratsuagoa ari da izaten moreen denboraldia, baina gai dira edozein talderi irabazteko.

 

Unax Oskotz, Euskadiko 14 urtez azpiko selekzioarekin

Bestalde, Euskadiko selekzioaren deia jaso du Unax Oskotz  hernaniarrak, 14 urtez azpikoetan. Entrenamendua egin zuten joan den asteazken arratsaldean, Alon­sotegiko Bastieta zelaian, prestaketa lanekin jarraitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!