Asteburu honetan bukatuko da Gipuzkoakoaren ligaxka, nagusietan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 28a, 00:00
Iñigo Labakak (irudian) eta Iñigo Urkizuk mailari eusteko partidua dute bihar.

Semifinaletara sailkatu dira Apaolaza-Lizeaga, ez daukate ezer jokoan Lizeaga anaiek, eta jaitsiera saihestu nahi dute Urkizuk eta Labakak.

Ez da bailarako esku pelotarien partidurik izango profesionaletan, asteburu honetan: Iker Salaberriak ezingo du jokatu Lau t'erdiko Txapelketa Nagusiaren ligaxkako azkena, Peio Etxeberriaren kontra, eskuin eskuko minez jarraitzen baitu; eta Hodei Expositok datorren asteazkenean izango du Promoziokoaren semifinala, Julen Egigurenen kon­tra, 17:00etan Berrizen.

Hortaz, maila afizionatuak hartuko du protagonismo osoa gurean, eta bi hitzordu nagusi dauzkate. Batetik, Gipuzkoako Txapelketaren ligaxka bukatuko da maila nagusietan. Ohorezko mailan, Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga hernaniarrek ostegunean jokatu zuten azkenekoa, eta 22-21 menderatu zituzten Behar Zanako Erasun eta Urbieta. Semifinaletara sailkatu dira, partidu guztiak irabazita. Lehenengo mailan, berriz, Ekain eta Eñaut Lizeaga anai astigartarrek bihar dute azkenekoa, 10:30etan Bergaran. Ez daukate ezer jokoan, ordea: semifinaletara sailkatzeko aukerarik gabe geratu dira, baina jaitsiera ere saihestu dute. Bigarren mailan, aldiz, horixe da Iñigo Urkizu eta Iñigo Labaka hernaniarren helburua, bihar 11:00etan Tolosako Beotibarren: Zabalaren eta Etxeberriaren kontra ariko dira, eta irabazten duen bikoteak eutsiko dio mailari.

Gartzarongo finala Ekhi Osesek, gaur arratsaldean

Beste hitzordu nagusia, Ekhi Oses hernaniarrak izango du, gaur arratsaldeko 16:30etan hasita, Gartzaronen: Behar Zanako Adur Otaegirekin batera, Gartzarongo Txapelketaren finala jokatuko du, Najerako Paraguayoren eta Errekako Antzizarren kontra. Jokatutako lau partidak nahiko eroso irabazita iritsi dira finalera Oses eta Otaegi, baina bestelakoa izango da finala, oso parekatua, maila haundiko bi pelotariren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!