Semifinaletan ariko da Exposito, galdu arren

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 24a, 00:00

Porrota jaso zuen astigartarrak, Eskirozen kontra (20-22); baina 17 tanto behar zituen aurrera egiteko.

Larri, baina lortu zuen semifinaletarako pasea Hodei Expositok, Promozioko Lau t'erdiko Txapelketan. Astigartarrak galdu egin zuen Iosu Eskirozen kontra (20-22),  ostiralean Altsasun, ligaxkako azkeneko jardunaldian. Baina porrot gozoa izan zen, 17 tanto behar baitzituen Expositok, aurrera egiteko bakarrik ez, baita multzoko aurreneko postuan bukatzeko ere. 

Gauzak horrela, Julen Egiguren azpeitiarraren kontra ariko da semifinaletan, azaroaren 1ean, 17:00etan Berrizen. Beste semifinala, Unai Alberdi azpeitiarrak eta Iraitz Zubizarreta ataundarrak jokatuko dute.

CD Hernaniko esku pelotarien garaipen garrantzitsuak, asteburu gazi-gozoan

Maila afizionatuari dagokionean, partiduz jositako asteburua izan dute bailarako esku pelotariek. CD Hernanikoek, esaterako, 39 partidu jokatu dituzte. Asteburu gazi-gozoa izan da haiena, garaipen baino porrot gehiago pilatuta. Baina partidu garrantzitsuenak irabaztea lortu dute, klubak nabarmendu duenez. Horien artean, azpimarratzekoa da, lehenik, Xabier Apaolazak eta Markel Lizeragak lortutako garaipena, Gipuzkoako Txapelketan, nagusien ohorezko mailan. 22-17 irabazi zieten Ilunpeko Egigureni eta Labakari, eta partidu guztiak irabazita, finalerdietara sailkatu dira dagoeneko, oraindik jardunaldi bat falta denean.

Eta garrantzitsua, era berean, Ekhi Osesek lortutako garaipena, Gartzarongo Txapelketaren semifinalean. Behar Zanako Adur Otaegirekin batera, 18-7 nagusitu zen Barberena eta Zubillaga leitzarren kontra; eta datorren larunbatean jokatuko du finala, Najerako Paraguayoren eta Errekako Antzizarren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!